Kulturaren munduko hainbat ordezkarik Espainiako Gobernuak kultur edukiei ezarri nahi dien BEZaren igoera salatu dute, gaur Bilbon emandako prentsaurrekoan. Han izan dira, aktoreen, aretoen edota ekoizleen ordezkari ugari; tartean Miriam Martin Euskal Aktoreen Batasunakoa, Jose Portela IBAIA ekoizle independenteen elkartekoa edota Pilar Lopez eta Ana Pimenta Eskena Euskadiko Produkzio Eszenikoen elkartekoak.
Uztailaren 13an Espainiako Ogasunak zinemaren eta kultur ikuskizunen BEZ balio erantsia %8tik %21era igoko duela iragarri zuen Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak. Neurria “kolpe latza” dela adierazi dute kultur arloko kideek Bilbon, eta hainbat enpresa arriskuan jarriko dituela; izan ere, “kontsumoak behera” egingo du, eta hartara, “etekinak txikitu” egingo direla. Portela ekoizlea areago joan da eta, pirateriaren aurkako “neurri gogorrik” ezean, pirateria ugaritu eta diru sarrerak are gehiago urrituko direla esan du.
Ez hori bakarrik; haien arabera, BEZaren igoerak euskarazko sorkuntza lanei gehiago eragingo die, sektore “ahulagoa” delako eta horiek direlako gobernuaren neurriak gehien kaltetuko dituenak.