HIPOTEKAK

Kutxabankek %40 ugaritu ditu hipoteka maileguak

Oihan Vitoria.
2016ko martxoaren 8a
13:51
Entzun

Kutxabankek 600 milioi euro jarri zituen iaz hipoteka maileguentzat, 2014an baino %28 gehiago. Geroz eta gehiago dira arriskuak saihesteko asmoz kuota finkoen aldeko hautua egiten dutenak: 2015eko bigarren seihilekoan izenpetutako hipoteken %22 interes finkokoak izan ziren, eta Katalunian, esaterako, %40ko langa gainditu zuen. Datu positiboen artean hipoteka maileguen kontratazioen igoerarena da nabarmentzekoa, %40 egin baitu gora.

Erosleen profilean, berriz, ez da aparteko aldaketarik: hamar hipotekatik lau 35 urte baino gutxiagoko bikoteek sinatu dituzte. Kutxabankek hipoteken urteko bilakaeraren inguruan taxututako txostenean zehaztu du 50.000 euroko aurrezkiekin jotzen dutela bezeroek etxebizitzak finantzatzera, eta batez beste 115.000 euro galdegiten dituztela emantzipatzeko; bigarren eskuko etxebizitza baten balioaren %75. Batez beste, 26 urtean ordaintzeko hipotekak kontratatzen dituzte.

Eskaerak, berpizten

Halere, Euriborraren araberako interes aldakorreko hipoteka maileguak nagusi dira oraindik ere Kutxabanken; 2015ean izenpetutako hipoteka kontratuen %85 dira. Hipotekak kalkulatzeko indizeak negatiboan itxi du otsaila, historian estreinakoz, -%0,008an, eta hipotekak eskatzeko garai aproposa dela deritzo sektoreak. Babes ofizialeko etxebizitzentzako maileguak, orobat, bikoiztu egin ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Datuok "joera aldaketa argi bat" islatzen dute, Kutxabanken arabera: "Eskaera berpizten ari dira: hipotekak %40 hazi dira, eta maileguak, %26". Entitateak azaldu du "irizpide zorrotzak eta egonkorrak" ezartzen ari dela hipotekak ematerakoan, eta gogorarazi du hipoteka mixtoa merkaturatu duela 2016an, tasa aldakorreko eta finkoko maileguak nahierara uztartzeko eta deskontuak pilatzeko aukera ematen duena. "Malgutasun" hori 35 urtetik beherako gazteentzat onuragarria dela deritzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.