ETAk atzo, igandea, argitara emandako agiria, non prozesu demokratikoa eraikitzeko bidean eraso ekintza armaturik ez egiteko erabakia jakinarazten zuen, Euskal Herrian agertoki berria zabaltzeko urrats garrantzitsua eta positiboa da bere horretan. Zalantzarik gabe, ETAren erabakiak, ekintza armaturik gabeko bermearekin, Ezker Abertzalearen apustu politikoari bultzada erabakigarria ematen dio eta inplikatutako eragileak beren jarrerak argitzera behartzen ditu.
Euskal Herriak behar eta eskatzen duen ziklo politikoaren aldaketa martxan dago, estatuek mugitu gabe eta bere guda eta errepresio estrategiei egoskorki loturik jarraitzen badute ere. Prozesu hau burutzeko ardura Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoen gain dago, eta bada garaia besteen mugimenduen zain egon gabe nork bereari ekiteko. Gure esku dago.
Ezin dugu ahantzi, ETAren agiriak eta erabakiak izan dituen erantzunen harira, espainiar Estatuaren eta bere estrategian inplikatutako eragileen ezezko jarrerak, elkarrizketa eta negoziazioaren bidetik eraikitako soluziobiderantz bideratutako ekimen oro suntsitzeko, urte osoko balantze okaztagarrian bat gehiago izan direla. Oker dabiltza. Euskal jendarteak soluziobideak eskatzen ditu, gure etorkizuna erabakitzeko askatasuna eskatzen du, negoziazio eta akordioa eskatzen du. Estatuek ezin dute entzungor iraun aldarrikapen honen aurrean eta, beraz, bide hau egiteko ezinbestekoak diren gutxiengo demokratikoak errespeta ditzaten exijitzen diegu.
Ezker Abertzaleak, bere osotasunean, euskal Estatua modu demokratikoan eratzea baimenduko duen marko politiko berria lortzeko dagozkion eta beharrezkoak diren urrats guztiak egingo ditu.
LABek bere ekimena eta indarra konprometitzen du xede horretan eta langileriari dei egiten diogu denok eskenatoki demokratikoa lortzeko aktiboki konprometitu gaitezen. Euskal langileok behar dugun aldaketa politiko eta soziala posible da, eta gauzatzeko unea da.
Euskal Herrian, 2010eko irailaren 6an
LABeko Nazio Komitea
LABen oharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu