A. Renteria
Kako etxaldearen segida bermatzeko xedea aurkeztu zuen Lurra egiturak joan den ekainean. Azken 30 urteotan Kako etxaldean maizter izan den Anne Godementek erretreta hartu eta segida atzemateko borondatea jakinarazi zuen. Fred Larrañaga baionarra etxaldeko lanetan lagundu zuen bi urtez eta elkarrekin hasi ziren xedearen nondik norakoak lantzen.
Lurrak kanpaina bat abiatu zuen, xedea bete ahal izateko. Orotara 33 hektarea lur, 22 hektarea oihan eta laborantzarako bi eraikin. Kapitala osatzeko, 2.700 parte eginen zituzten, 63 eurotan. Lurra erositakoan, Frederick Larrañagari alokairu apala ezartzea zen xedea. Laborantza lurrak osorik gelditzea eta lur horientzat segida bermatzea da Lurraren xedea, eta Larrañagak helburu horiek bermatzen zituen.
Godementek 250 ardi heldu eta 50 axuri zituen etxaldean, manex buru beltzak. Artaldea zatika erosteko proposamen ugari ukan arren, osorik atxiki du Larrañagaren instalazioa laguntzeko. Gauza bera egin zuen abantzu 30 urte osatu dituen labanesekin. Ez ditu eskaintzak onartu. «Bizi osoan metatu dudana da, eta osoki pasatu nahi diot ondokoari, bertatik atera dezan bizia».
Baina Lurraren xedea burutzear ari zelarik, laborantza mailako kudeaketaren ardura duen SAFER erakundeak Larrañagaren kontrako ebazpena hartu du. SAFERek erran zuen Kako baserriko eraikinean jendea bizi zela eta baldintza horietan ezin zuenez etxea bereganatu, Larrañaga kanporatzea erabaki behar zuela.
ERABAKI ULERTEZINA. SAFERek bertze bi gazteren instalazioa laguntzeko erabakia hartu zuen, aspalditik etxaldean lanean ziharduen bikotea baztertuz eta herritarren sostengua mespretxatuz. Laborariek haserre hartu zuten erabakia eta manifestarien eta Poliziaren arteko tirabirak izan ziren SAFERen egoitzaren aitzinean. Geroztik gertakarien enkanteak izan dira, Sarkozyren hitzak eta atzoko atxiloketak.
Laborarien irizpideetatik sortutako xedea izan da Kako azken zortzi hilabeteotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu