93 egun daramatza gose greban preso donostiarrak, eta une batetik bestera hiltzeko arriskua duela ohartarazi dute behin baino gehiagotan Madrilgo 12 de Octubre ospitaleko medikuek. Egoera larria islatzen duten irudiak plazaratu dira komunikabideetan, eta horren ostean, bisitak galarazi dizkiote.
Aurrerantzean Iñaki de Juanak ezingo du adiskideen bisitarik jaso; neska-lagunak soilik izango du hura ikusteko aukera. Hala agertu diote BERRIAri asteburu honetan bertan De Juana bisitatzeko asmoa zuten haren adiskide batzuek. Asmo hori bertan behera utzi behar izan dute.
Preso donostiarrak 93 egun betetzen ditu gaur gose greban. Aurretik, oso epe laburrean, 63 eguneko beste bat egin zuen gainera. Ondorioz, oso osasun egoera kaskarrean dago, eta Madrilgo 12 de Octubre Ospitalean artatzen duten medikuek une batetik bestera hil daitekeela ohartarazi dute behin baino gehiagotan.
Hain jutu, Erresuma Batuko The Times egunkariak De Juanari egindako elkarrizketa eta erietxe ohera lotuta eta guztiz zargalduta ageri den argazkiak plazaratu zituen atzo. Ondoren, beste hainbat komunikabidek eman dituzte irudi horiek. Espainiako Espetxe Zuzendaritzak atzo iragarri zuen ikerketa abiatuko zuela argazkiak nork atera zituen jakiteko, De Juanari elkarrizketa egiteko baimenik inongo komunikabiderik ez ziola eman argudiatuta.
Horren ostean, bisitak debekatuta dituztela jakinarazi diete gaur presoaren lagunei.
Lagunen bisitak debekatu dizkiote De Juanari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu