Laka, ibilbide disdiratsuko Chomskyren ikaslea

2004ko ekainaren 25a
10:01
Entzun
Gramatika generatiboaren inguruan egin du lan Itziar Lakak, eta korronte horren maisu handiarekin, Noam Chomskyrekin, lanean aritua da (bera izan zuen doktorego tesiaren zuzendarietako bat). Ez du kultur eragile eta jendaurreko iritzi emaile gisa Arejitaren itzalik. Baina bai distira handiko ibilbide akademiko oparo eta aberatsa.

Bilbon sortu zen Itziar Laka, 1962an. Euskal Herriko Unibertsitatean Euskal Filologian lizentziatua da, eta Massachusettseko Institut of Technology zentroan doktoratua, 1990ean, Noam Chomskyk eta Ken Halek zuzendutako tesi batekin: Negation in Syntax: A study on the Nature of Functional Categories (Ezeztapena sintaxian: funtzio kategorien izaerari buruzko azterketa).Euskal Herriko Unibertsitateko Historia, Geografia eta Filologia fakultateko irakasle da gaur egun, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean. Irakasle gonbidatu gisa, Vienako Unibertsitatean eta OTS Institut for Language Research-en (Utrecht, Herbehereak) aritu izan da.Hiru ikerkuntzatako ikerburu izan da: The emergences of grammar in the brain (European Science Foundationek eta Espainiako Zientzia eta Teknologia Ministerioak babestua), La representación del lenguaje en el cerebro del bilingüe (EHUk babestua) eta Ergatividad y Complementación en lengua vasca (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak babestua). Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeko kide da, 2003az geroztik. Horretaz gain, Coloquios de Gramatica Generativa nazioarteko kongresuko komite zientifikoko kide ere bada. Pentsamenduaren Klasikoak bildumako liburu bi euskaratu ditu: Leonard Bloomfielden Hizkuntza (1994) eta Noam Chomskyren Egitura sintaktikoak (2003). Internet sarean argitaratua du, EHUko Euskarako Errektoreordetzaren eskutik, A Brief Grammar of euskara, the Basque Language liburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.