Eraikuntzako langileen greba Gipuzkoan

Lan hitzarmena negoziatzeko exijitu diote hiru mila bat langilek patronalari Donostian

2004ko maiatzaren 28a
16:47
Entzun
Dagoeneko ia hiru aste egin dituzte greban Gipuzkoako eraikuntza arloko langileek, haien ustez Adegi patronalak lan hitzarmena negoziatzeko borondaterik ez duelako. Gaur, manifestazioa egin dute Donostian, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek babestuta, eta hiru mila langiletik gora izan dira ekitaldian.

Eguerdiko hamabietan abiatu da manifestazioa Anoetatik, eta Bulebarrera bitarteko bidea egin du. Grebaren aldeko, patronalaren aurkako eta hitzarmenaren negoziazioa eskatzeko aldarriak izan dira nagusi ibilibide guztian. Halaber, zenbait lekutan geratu eta eserialdiak egin dituzte.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako buruzagiek ere parte hartu dute protesta ekitaldian; hala, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusia, Rafa Diez LABekoa, Josu Onaindi Euskadiko CCOOkoa eta Javier Bermejo Euskadiko UGTko Ekintza Sindikaleko arduraduna izan dira manifestazioan.

Sindikatuetako buruek salatu dute Adegik ez duela negoziatzeko borondaterik, eta lan harremanak zartatzen ari direla. Halaber, nabarmendu dute eraikuntza sektorea itzeleko irabaziak eskuratzen ari dela, baina langileek baldintza prekarioetan jarraitzen dutela. Nolanahi ere, patronalak negoziatzeko borondaterik agertzen ez duen arren, langileak greban indartsu eta aurrera segitzeko prest daudela azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.