Laneko istripu eta gaitzen kontrako neurriak eskatuko dituzte sindikatuek

2007ko apirilaren 27a
11:38
Entzun
Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta, lan baldintza kaskarrek eragindako istripuen eta gaitzen arazoa plazaratu dute berriro sindikatuek. Hala, hainbat mobilizazio egingo dituzte, baina kasu gehienetan, nork bere aldetik.

ELAk, ESK eta EILAS dira segurtasunik eza eta prekarietatea salatzeko ekitaldiak batera egingo dituztenak. Lehendabizi, batzar baterako deialdia egin dute Bilbon, Aiala Antzokian, eta, ondoren, 11:00etan, manifestazioa abiatuko dute Bizkaiko enpresaburuen CEBEK elkartearen egoitzaraino. Iruñean ere antzeko deialdia egin dute: batzarra lehenengo Olite zineman, eta, ondoren, 12:30etan, elkarretaratzea CEN Nafarroako patronalaren egoitzaren aurrean.

LABek eta Hiruk lanuzterako deia

LABek eta Hiru garraiolarien sindikatuak, berriz, lanuzterako deia egin dute, eguerdiko hamabietatik ordubatera. Gainera, tarte horretan lantegien atarietan elkarretaratzeak egin ditzatela eskatu diete beharginei.BERRIA argitaratzen duen EKT enpresako langileen batzarrak bat egin du deialdi horrekin.

CCOOk eta UGTk Bilbon egingo dituzte lan osasunaren aldeko ekitaldiak, baina bakoitzak bere kabuz. CCOOk ordezkarien batzarra egingo du aurrena Abokatuken Elkargoan, eta, ondoren, elkarretaratzea egingo du Confebasken egoitzaren aurrean. UGTk Casillan egingo du ordezkarien batzarra, eta, ondoren, Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritzaren atarian kontzentratuko dira.

OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak emandako datuen arabera, urtean bi milioi lagunetik gora hiltzen dira munduan lanak eragindako istripu eta gaixotasunen ondorioz. LABek emandako datuen arabera, iaz 129 langile hil ziren Euskal Herrietan era horretako istripuetan, eta aurten, dagoeneko 40.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.