Alfonso Alonso PPko lehendakarigaiak ados jartzeko "eskua luzatu" dio EAJri, nahiz eta erantsi duen "arazo" bihurtu direla jeltzaleak "termino subiranistetan langa oso gora" jarri dutelako.
Bilbon izan da Alonso, Rafael Catala Espainiako jarduneko Justizia ministroarekin batera, eta EAJk Mariano Rajoyren inbestidurari emandako ezezkoa izan du hizpide.
EAJ "eztabaida eta zatiketa zaharrera" itzuli da, Alonsoren iritziz: "Euskal herritarrek ez dute Euskadiren independentzia nahi". Horretan sinesten ez dutenek PPren hautagaitzak babestu behar dituztela uste du, eta espero du irailaren 25etik aurrera PP "erabakigarria eta indartsua izatea Euskadik behar duen egonkortasuna, oreka et moderazioa bermatzeko".