1955ean aprobatu zuen Frantziak, Aljerko Gerraren testuinguruan larrialdi egoera, eta funtsean salbuespen neurriak ezartzen ditu, kontrol eta prozedura juridiko bereziak, testuinguru politiko berezietarako. Atzo ezarri zuten lurralde osoan dekretuz, eta hamabi egunez luza dezakete. Ordutik aurrera luzatzea erabakiz gero, Parlamentuaren oniritzia beharko luke neurri horrek.
Funtsean, larrialdi egoera ezar daiteke “ordena publikoko kalte larriak gertatzeko arriskua” dagoenean, “hondamendi publikoa dakarten gertakarien harira, haien larritasuna eta izaera” kontuan edukita.
Larrialdi egoera horrek neurri zehatzak jartzeko ahala ematen die prefetei. Besteak beste, autoen zirkulazioa debekatzeko ahalmena zehaztutako ordu eta tokietan; eta, baita ere, segurtasun eremu itxiak ezartzea botere publikoen lana oztopatu edo kaltetu dezakeen balizko edozein pertsonari.
Aldi berean, prefetak etxeratze agindua ezar dezake, eta hainbat pertsonaren bizilekua debekatu. Aldi berean, toki publikoak itxi ditzake, ikuskizun aretoak, batzar aretoak eta kafe eta biltokiak.
Horrez gain, neurri larriagoak ere agindu ditzake; besteak beste, larrialdi egoerak irauten duen aldian, prentsaren gaineko zentsura ezarri, agerkariak publikatzeko debekuak bultzatu, irrati saioak eta zinema nahiz antzerki emankizunak mugatu.