Larrialdi zerbitzuek 954 pertsona artatu dituzte, iaz baino 42 gutxiago

2011ko uztailaren 15a
14:53
Entzun

Osasunbideko larrialdi zerbitzuek 954 pertsona artatu dituzte sanferminek iraun duten bederatzi egunetan. Iazko kopurua jaitsi egin da, izan ere, iaz 996 izan ziren larrialdi zerbitzuek artatutakoak; 42 gutxiago izan dira aurten. Marta Vera Osasun sailburuak eman zituen datuak atzo, jaiak amaitu aurretik. Verak esan du larrialdietako langileak "profesionaltasunez" jardun direla, eta eurei esker "festa oso lasaiak" izan direla "osasun gertakari larriei dagokienez".

Entzierroetan lau adarkada izan dira, eta hor ere kopurua jaitsi egin da iazkoarekin alderatuta, iaz bederatzi adarkada izan baitziren. 43 pertsona artatu dituzte guztira entzierroarekin lotuta. Adarkada izan gabe, sei pertsona ospitaleratuak izan dira. Entzierroan zaurituetatik lauk ospitalean jarraitzen dute; zezen-plazan zezena zirikatu ostean adarkatua izan zen australiarrak bihar jasoko du senda-agiria.

Alkohol intoxikazio kopurua ere iaztik murriztu egin dela nabarmendu du Verak. Kristalekin zauritutakoen kopurua ere murriztu da, esan dutenez txupinazoan botilarik sartzen utzi ez zutelako. Larrialdi zerbitzuetara jo dutenen erdia nahi gabeko kolpe eta zauriengatik jo dute; %56 izan dia horiek. Hamarretik bi alkohol intoxikazioagatik joan dira, eta %12 erasoengatik. Jende gehien larunbatean joan zen; 178 pertsona guztira. Ondoren, ordena honetan, uztailak 6 (154), 7 (121), 8 (115), 10 (113), 11 (107), 13 (63) eta 12 (69).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.