"Larritasun gutxiko" delituak egozten dizkietenen zigorrei buruzko eztabaida atzeratu egin du Auzitegi Nazionalak

2016ko maiatzaren 12a
18:27
Entzun

ETAko kide izatea edo hari laguntzea leporatuta kartzelatu dituztenen artean, "larritasun gutxiko" delituen zigorrak jaitsi edo ez erabakitzeko osoko bilkura atzeratu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Bihar ziren aztertzekoak, baina eztabaida hori atzeratzea erabaki du auzitegiak.

Joan zen urtean Zigor Kodea aldatu zutenetik posible da zigorra gradu bat edo bi murriztea, delituaren larritasunari erreparatuta. Kodearen aldaketa aplikatzeko etor daitezkeen eskaeren aurrean nola jokatu ebatzi nahi dute Auzitegi Nazionaleko epaileek, osoko bilkura eginda. Horretarako bi txosten izango dituzte mahai gainan: Concepcion Espejelek kontserbadoreak egingo du aurrena, eta Ramon Saez Valcarcelek bigarrena.

Irizpideak bateratu nahi dituzten arren, Zigor Areto bakoitzari dagokio kasu bakoitzeko azken erabakia hartzea. Une honetan helegite bakarra dute erabakitzeke: 2. zigor aretoaren esku dagoen Gorka Bustindui presoarena. Areto horrek esku artean duen aurreneko helegitea da Bustinduirena, baina ez da Auzitegi Nazionalak hartuko duen aurreneko erabakia: 3. eta 4. Zigor Aretoek ezezkoarekin erantzun diete beste lau helegiteri, eta haiek Auzitegi Gorenean errekurrituta daude.

04/08 sumariokoek eginiko akordioak irizpide hori du oinarri. Orain, jada zigortuak izan diren presoei irizpide hori bera ezarri edo ez da mahai gainean jarriko dutena. Sareren arabera, aplikatzea erabakiko balute 20 preso ingururi eragingo dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.