Lau enpresa nagusien egoera

2016ko martxoaren 22a
12:30
Entzun

Prekaritatearen hedadura azaltzeko, Araban dauden lau enpresa nagusiek duten egoera erabili du Igor Txillon LAB sindikatuko metalgintza arduradunak. Mercedesek, Michelinek, Tubos Reunidosek eta Aernnovak 12.000 langile baino gehiago dituzte, guztiak batuta.

Mercedes: Arabako Foru Aldundiak herrialdearen egoerari buruz eztabaidatzeko sortu zuen Agora ekitaldian aritu zen Emilio Titos Mercedeseko zuzendaria. Gune horretan "giza garapenaren garrantzia" defendatu zuen Titosek. "Zatarra da hori esaten ari zen aldi berean egunero hamar orduz lan egiteko proposamena egitea langileei", Txillonen hitzetan. Gaur egun Mercedesen astero 53 edo 45 orduko lan txandak egiten ari direla salatu du LABek, halaber, eta aldi baterako langileen "esplotazioa" ematen dela, aparteko orduen bidez.

Michelin: Pneumatiko ekoizleak beti langileen baldintzak zaindu izan dituela argudiatu zuen iñigo Urkullu lehendakariak, enpresara egindako azken bisitan. Txillonek azpimarratu du bere historian "hamaika gatazka" bizi izan dituen enpresa dela, eta gaur egun ere lanuzteak eta mobilizazioak ari direla gertatzen. Michelini "malgutasun erabatekoa" ezartzea leporatu dio LABeko ordezkariak, eta lanpostu berrietan bost urtez soldata txikiagoak izatea planteatu duela.

Aernnova: Ezaguna da aeronautika enpresak Berantevillako lantokiko taldea murrizteko duen asmoa. Pasa den urteko azaroan 133 langile kaleratzeko erregulazio dosierra bertan behera utzi zuen zuzendaritzak. "Foru aldundiak eta Jaurlaritzak ez digute esan nahi nolako konpromisoak eskaini zizkioten enpresari horren truke", azaldu du Txillonek. Eusko Jauraritzako Enplegu Saila bitartekaritza lana egiten ari da orain Aernnovaren eta langileen artean.

Tubos Reunidos: Korta saria jaso zuen aurreko urtean Tubos Reunidoseko presidenteak, Pedro Abasolok. "Orduan langileei eskatzen ari zitzaien lanaldiak luzatzea eta soldatak jaistea, lana zegoen seinale". zehaztu du LABeko kideak. Gaur egun, ordea, Amurriko lantegian behin behineko enplegu erregulazioa ezarri nahi du Tubos Reunidosek. Konpainiaren taldean dagoen Inauxa lantegiarekin zer gertatuko den argitzea eskatu du LABek, Jaurlaritzak bertan akzioen %20 dituelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.