OTSAILAREN 19a
ESPAINIAKO POLIZIAK HAMALAU LAGUN ATXILOTU DITU HEGO EUSKAL HERRIK LAU HERRIALDEETAN
Askatasunak salatu du «oinarririk gabeko» atxiloketak maiz gertatzen direla eta, gehienetan, sarekada horietan atxilotutako pertsonak aske geratzen direla
Espainiako Poliziak hamalau lagun atxilotu zituen atzo Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan Baltasar Garzon epaileak aginduta. Atxilotuen eta haien senideen etxeetan miaketak egin zituen Poliziak, eta hainbat gauza eraman zituen bertatik. Barne Ministerioaren irudiko, atxilotuek ETAren zuzendaritza berria osatzen ari zen laguntzaile taldearen muina osatzen zuten.
Polizia operazioa atzo goizaldean hasi eta arratsaldera arte zabaldu zen. Atxiloketa ia guztiak goizalde-egunsenti partean egin zituen; egun argiz, Arkaitz Rodriguez baino ez zuten atxilotu. Rodriguez Donostian atzeman zuen Poliziak, kaletik zihoala, arratsaldez, eta handik gurasoen etxera eraman zuten. Etxebizitza miatu ondoren, garajearekin gauza bera egin zuten eta ordenagailu bat eraman zuten.
Gainerakoak goizaldeko 01:00ak eta egunsentia baino lehenago atxilotu zituzten. Gipuzkoan bost lagun atxilotu zituzten: aipatu Rodriguez ez eze, Aiora Epelde, Dorleta Ganzarain, Maria Kolera eta Joxe Mari Arruti atxilotu zituen Espainiako Poliziak, lehenengo biak Donostian eta beste biak Hernanin eta Errezilen, hurrenez hurren. Askatasunak jakinarazi zuenez, Polizia «bortizki» sartu zen Arrutiren baserrian eta dena «hankaz gora» utzi zuen.
Nafarroan, Poliziak Unai Redin, Tomas Insausti, Mikel Pardo eta Ainara Calvo atxilotu zituen, lehen hirurak Iruñeko Arrosadia eta Txantrea auzoetan eta laugarrena Antsoainen. Redin eta Insaustik osasun arazoak dituztela azpimarratu zuen Askatasunak eta atxilotzeko orduan Poliziak emandako tratua «zuzena» izan zela gaineratu. Nolanahi ere, bai beraiei zein Nafarroan atxilo hartu zituzten beste biei kaputxa jantziarazi zietela salatu zuen Askatasunak.
Bizkaian Espainiako Poliziak Iñaki Ramos atxilotu zuen Barakaldon, Josu Lezama Zallan eta Mikel Jauregi Bilboko Deustu auzoan. Askatasunak esan zuenez, polizia 01:30ak aldera azaldu zen Lezamaren etxean eta bi orduko miaketa egin ondoren, atxilotuta eraman zuten. Iturri berberek jakinarazi zutenez, Ramos, berriz, neskalagunarekin zegoela sartu zen Polizia beren etxean.
Araban, Aiala Manrique Gasteizko Ariznabarra auzoan atxilotu zuten eta ondoren bere etxea arakatu. Gasteizen Asier Ortiz de Ginea izan zen, Gasteizko Judimendi auzoan atxilotu zuen poliziak.
Orotara, hemezortzi etxebizitza miatu zituen Espainiako Poliziak eta baita zenbait garaje eta soto ere. Espainiako Barne Ministro Angel Acebesek prentsa agerraldian adierazi zuenez, miaketetan «dokumentazio ugari eta informatikako material ugari» atzeman zituzten. Horretaz gain, atxilotuen gauza pertsonal franko eta eskuko telefonoak eta bestelako gauzak eraman zituen poliziak.
Atxiloketa ondorengo lehenbiziko orduan Poliziaren egoitzetan egon baziren ere, eguerdi aldera Madrilera eraman zituzten eta inkomunikatuta daude.
Atxilotuen aurkako frogarik ez dagoela adierazi zuen presoen koordinaketarako elkarteak, prentsa ohar baten bidez. Idatzi horretan, Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio aretoko buru den Baltasar Garzon epailearen «jarrera» salatu zuen. Askatasunarentzat, Garzonen azken neurria «hedabideei begira eta euskal herritarren aurka» egindako operazioa da.
Ia egunero «oinarririk gabeko» atxiloketak agintzen ari dela gogoratu ondoren, Askatasunak azpimarratu du «gehienetan, atzoko bezalako sarekadetan atxilotutako pertsonak, aske geratzen direla, beste hainbat kasutan gertatu den moduan».
Atxilotuen inkomunikazioak «torturari» bide ematen diola gogoratu du Askatasunak eta honen harira, Espainiako Poliziaren aurka iaz 23 tortura salaketa egin zirela ohartarazi du. Horregatik, elkarteak atxilotu guztien «berehalako askatasuna» eskatu du.
Euskal Herriko Bilgune Feministak «elkartasuna» adierazi zien taldeko kide diren Aiora Epelde eta Maria Koleraren lagun eta senideei. Euskal Herriko gatazkak «erro politikoak» dituela dio Bilgune Feministak, prentsa ohar batean. Honenbestez, konponbidea «politikoa eta demokratikoa» behar duela gaineratzen du. Honen ildotik, elkarrizketa aipatzen du arazoa konpontzeko bide bezala, «bakarrik hitza emanez herri honetako gizon eta emakumeei aurkituko dugulako irtenbidea».
Bilgune Feministak inkomunikaturik dauden atxilotuak «uneotan pairatzen ari litezkeen torturen» aurrean, bere «kezka» agertu dute eta Lege Antiterroristaren eta inkomunikazio egoeraren amaiera eskatu dute.
Hainbat mobilizazio egin ziren atxiloketak salatzeko. Balmasedan egindako manifestzioan hiru gazte atxilotu zituen Ertzaintzak; bat ez identifikatzeagatik eta beste bi «ertzainei oldartzeagatik». Horretaz gain, beste hainbat mobilizazio egin ziren atxiloketak salatzeko. Ondarroan 400 lagun bildu ziren, Donostiako Gros auzoan 60 eta Gasteizen 200.
ETA-REN LAGUNTZAILE SAREKO MUINA DIRELA DIO ACEBESEK
Espainiako Poliziak atzo atxilotutako hamalau pertsonak ETAren zuzendaritza berriak sortu nahi zuen laguntzaile sareko «muina» zirela adierazi zuen Espainiako Barne ministro Angel Acebesek. Jakinarazi zuenez, Ibon Fernandez de Iradiren atxiloketaren ondotik haren Tarbeseko etxean atzemandako dokumentazioari esker «gauzatu» zen atzoko polizi operazia. Fernandez de Iradik Baionako polizi etxetik ihes egin zuen atxilotu eta egun gutxira.
Acebesen esanetan, Fernandez de Iradiri atzemandako paperetan agertzen ziren atzo poliziak atxilotutakoak. Bere hitzetan, «atxilotuak ezezik, beste berrogeita bost pertsonaz osaturiko zerrenda bat ere bazegoen». Aipatu pertsona horien izenak «klabean» zeudela gaineratu zuen Barne Ministroak, baina behin kodeak «argituta» haien izen eta abizenak argitu ahal izan dituztela jakinarazi zuen.
ETAren zuzendaritza behin eta berriro «babes eta laguntzaile talde bat» antolatzeko saiotan ari dela esan zuen Acebesek prentsa agerraldian. Talde horretako kideek «parte hartze eta ardura maila desberdinak» lituzketela erantsi zuen.
Bizkaian eta Gipuzkoan ETAko komandorik dagoen galdetuta, Acebesek erantzun zuen «goizegi» dela hori jakiteko, baina gaineratu zuen azken atentatuek erakusten dutela Gipuzkoan eta Nafarroan nolabaiteko «egitura» baduela.
APIRILAREN 1A
ESPAINIAKO POLIZIAK BEDERATZI LAGUN ATXILOTU DITU
ETAri laguntzea egotzi diete, talde armaturako kideak biltzea · Garzonek agindu du operazioa, Fernandez Iradi ustezko etakideari atxikitako paperetan oinarrituta
ETAri laguntzea egotzi diete, talde armaturako kideak biltzea · Garzonek agindu du operazioa, Fernandez Iradi ustezko etakideari atxikitako paperetan oinarrituta
Bederatzi lagun atxilotu zituen atzo Espainiako Poliziak, Baltasar Garzon epailearen aginduz, Hego Euskal Herrian: hiru Araban eta bi Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan. «ETAren laguntzaile» izatea leporatzen diete, talde armaturako «jendea bilatzeko aparatuarekin» zerikusia izatea, hain zuzen ere. Gasteizen, Asier Bengoa, Agurtzane Hernandez eta Gorka Moreno atxilotu zituzten; Donostian, Iratxe Yañez eta Ainara Etxeberria; Lekeition, Peru Aranburu eta Unai Dañobeitia. Nafarroan, berriz, Iñaki Zudaire atxilotu zuten, Iruñean, eta Cristina Montoia Atarrabian. Seguruenik, ostiralean igaroko dira epailearen aurretik.
Goizean goiz hasi ziren atxiloketak eta miaketak. Kristina Montoia 19 urteko nafarra bere gurasoen etxean atxilotu zuten, Atarrabian; baina etxebizitza horretaz gain, herriko beste bat ere miatu zuten: Iñaki Zudaireren gurasoena. Zudaire, 24 urteko gaztea, Iruñeko parte zaharrean atxilotu zuten. Askatasuna elkarteak azaldu duenez, Poliziak ez zuen atxiloketa agindurik erakutsi.
Iratxe Yañez gasteiztarra 01:45ean atxilotu zuten, Donostian, beste ikasle batzuekin partekatzen duen pisuan; etxebizitza osoa arakatu zuten. Ainara Etxeberria Antigua auzokoa da, eta auzotarrek asanblea egin zuten atzo arratsaldean, Gaskuina plazan, atxiloketaren ingurukoak argitzeko.
Unai Dañobeitia eta Peru Aranburu gazteak Lekeition atxilotu zituzten, goizeko ordu bata aldera. Bi orduz jardun zuten poliziek haien etxeak miatzen, eta hainbat gauza eraman zituzten. Senideek eramandakoaren zerrenda erakusteko eskatu zioten idazkari judizialari, baina poliziek ez zioten utzi. Horrenbestez, ez dakite zer falta den. Dañobeitiaren anaiari garondoan jarri zioten pistola, Askatasunak adierazi duenez. Poliziak kaleko jantziekin zeuden, eta burua estalita zuten. Ez zuten inolako agindurik erakutsi.
Lekeitioko Ikastolako langileek elkartasuna adierazi zieten atxilotuen senideei; «kezkatuta» daude, gazteek «jasan ditzaketen tratu txarrengatik». Dañobeitiak eta Aranburuk bertan ikasi zuten, eta azken horren gurasoek ikastolan egiten dute lan. Durangon ere miatu zuten etxebizitza bat, baina ez zuten inor atxilotu.
Araban hiru pertsona atxilotu zituzten, hirurak Gasteizen. 26 urteko Agurtzane Hernandez eta 27ko Asier Bengoa parte zaharrean atzeman zituzten, Kutxileria kalean. Gorka Moreno, berriz, Los Herran kaleko etxebizitza batean. Goizeko 02:30ean joan ziren Hernandezen bila; Askatasunak jakinarazi duenez, Poliziak «bortizki» apurtu zuen atea, etxera sartzeko. Goizeko 05:00ak arte egon ziren bertan, eta hainbat kaxa eraman zituzten.
27 urteko Gorka Morenoren etxera, berriz, 03:30ean joan ziren. Haren aitak ireki zuen atea; hamabi bat polizia ziren, «gehienak uniformez jantzita». Gaztearen gurasoak eta bi anaia «lurrera botarazi» zituzten, guztiak gela batera eraman aurretik. Idazkari judizial bat eraman zuten miaketara. Familiak esan zuenez, eskuko telefono bat soilik eraman zuten.
Baltasar Garzonen arabera, atxilotuak «sartu berriak» ziren ETAn, «edo sartzeko prest» zeuden bestela. Bi atxilotuk ETArentzat «helburuak zehazteko ardura» onartua zeukatela ere esan zuten polizi iturriek.
Abenduko operazioarekin lotu dute
Ibon Fernandez Iradi ustezko ETAko buruzagia atxilotu zutenean atxikitako dokumentuekin lotu zuten atzoko polizi operazioa. Fernandez Iradi iazko abenduaren 19an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, beste zortzi lagun bezalaxe; handik hiru egunera, ordea, Baionako polizia etxetik ihes egin zuen.
Abenduan lortu bide zituzten paperetan agertzea egotzi zieten otsailaren 19an atxilotu zituzten 15 lagunei ere. Horietako askok Espainiako Poliziaren esku tratu txarrak jasan izana salatu zuten; 11 kartzelatu zituzten. Horregatik, Askatasuna kezkatuta agertu da atxilotuek inkomunikazio garaian jaso dezaketen tratua dela eta. Arritxu de Andresen kasua aipatu zuen Askatasunak; 12 egun egin zituen inkomunikatuta.
Errugabetasun presuntzioa urratu egiten dela salatu zuen Askatasunak.
URRIAREN 8a
34 LAGUN ATXILOTU DITUZTE FRANTZIA ETA ESPAINIAKO POLIZIEK
«ETAko kide berriak biltzeko lanetan aritzea» egozten die Euskal Herrian, Bordelen eta Zaragozan atxilotuei
Espainiako eta Frantziako poliziek 34 lagun atxilotu zituzten atzo goizaldean Euskal Herrian, Espainian eta Frantzian, ustez ETArekin zerikusia dutelakoan. Gauerdia pasatxo zenean hasi zuten polizia operazioa, Madrilgo Baltasar Garzon eta Parisko Laurance Le Vert epaileen aginduz. Espainiako Barne ministro Angel Acebesek, «ETAko kideak atzemateko lanetan, ekintzak egiteko informazioa biltzen eta azpiegitura beharretan» aritzea leporatu zien atxilotuei. Berri agentziek auzitegiko iturriak aipatuz jasotzen dutenez, Ibon Fernandez Iradiri iaz atzemandako dokumentuek ahalbidetu dituzte atzoko atxiloketak.
Guztira 34 lagun atxilotu zituzten poliziek Iparraldean eta Hegoaldean: 11 Gipuzkoan, 8 Nafarroan, 8 Bizkaian, 3 Lapurdin eta beste bana Behe Nafarroan zein Araban. Horrez gain, Bordelen (Frantzia) eta Zaragozan (Espainia) beste kide bana atxilotu zituzten poliziek.
Gipuzkoan Bittor Garzia, Itsaso Garmendia, Miren, Arantza eta Karmele Etxebeste ahizpak, Aitziber Ezkerra, Alberto Gonzalez, Nagore Lopez de Luzuriaga, Naiara Landazabal, Eneko Sorzabal eta Karlos Martin atxilotu zituzten.
Bizkaitarrak atzo bertan eraman zituzten Madrilera
Bizkaian, Iker Casanova, Arantza Martin, Jabier Gil Rosado, Haizea Perez, Gorka Iriarte, Egoitz Mastiada, Galder Bilbao eta Iugatz Baniobeitia eraman zituzten poliziek. Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzak Efe berri agentziari jakinarazi zionez, Bizkaian atxilotutakoak, atzo eguerdian bertan eraman zituzten Madrilera.
Nafarroan detenitutakoak honakoak dira: Jordi Purti, Eneko Arebalo, Joseba eta Eneko Compains anaiak, Angel Elcid Tejada, Ekain Gerra Solaguren, Garikoitz Mendioroz Lazarraga eta Saioa Azpilikueta.
Lapurdin Maika Arizaga, Emilie Martin eta Malvina Rekalde detenitu zituen poliziak.
Behe Nafarroan Ihintza Otxandabaratz atxilotu zuten, eta Murgia herri arabarrean, Agustin Gorbea. Bestalde, Bordelen Eneko Gorri angeluarra atxilotu zuten eta Zaragozako La Almunia de Doña Godinan Egoitz Martioda gasteiztarra. Azken biak, ikasketak direla medio bizi dira Euskal Herritik kanpo. Askatasunak jakinarazi zuenez, gainera, Espainiako Polizia Arbizura ere joan zen, Alain Berastegiren bila, baina ez zuen etxean aurkitu.
Zaldibia festetan harrapatu zuen polizien etorrerak. Hala ere Garmendia eta Garcia bikotea etxean atzeman zuen poliziak, 1:30ak aldera. Etxea miatu eta, esposarik gabe eraman zituzten biak. Bikotearen etxean ezezik, herriko txosnan ere sartu ziren Espainiako poliziak. Bertatik pankartak kendu zituzten.
Oreretan, Miren, Arantza eta Karmele Etxebeste ahizpak, bakoitza bere etxean atxilotu zituen poliziak; bi kalean eta bat baserrian. Baserrian bizi den Karmele, gainera, haurdun dago, bost hilabeteko. Ordubatak aldean sartu ziren poliziak Susperregi baserrian eta, haren mutilagunak jakinarazi zuenez, paperak eraman zituzten etxetik; tartean, elektrogailuen berme paperak. Atxilotuaren haurdunaldiaren berri eman eta, tratu egokia izan zuten harekiko, etxean. Beste bi ahizpen etxera 2:00etan joan ziren poliziak. Haien etxeetatik, ordenadore bana eraman zituzten.
Iker Casanovak arreba Eider Casanova Brievako espetxean jaso, Barakaldon herritarrek egindako ongi-etorrian parte hartu, eta neska-lagunaren etxera iritsi baino lehen atxilotu zuten, Bilbon. Kasanovak, bizpahiru hilabete darama kalean, espetxean ia hamar hilabete eman ondoren.
Bilbora iritsi eta poliziek geldiarazi, pistola buruan jarri eta esposatu egin zuten, neska-lagunaren etxea miatu aurretik. Ordenadorea, lanerako apunteak eta hortzetako zepiloak eraman zituzten. Lau orduz, etxea miatu eta hatz markak hartu zituzten. Gero, Barakaldora, gurasoen etxea miatzera eraman zuten.
Jabier Gil bilbotarra Athletic-en futbol partidua ikusi ondoren atxilotu zuten, etxe ondoan. Gilen etxebizitza eta haren neska-lagunarena ere arakatu zuten. Erriberako merkatuan egiten du lan eta bertan duen postua ere miatu zuten poliziek.
Altsasun detenitutako Ramon Lopez Cid, Julia Cid PSNko zinegotziaren semea da. Atxilotuaren emazteak jakinarazi duenez, emazteari berari pistola jarri zien buruan. Etxetik ez zutela ezer eraman uste du.
Altsasun bertan, lokal bat miatu zuten poliziek, bai eta Iruñeako Alde Zaharrean ere. Espainiako Gobernuak bertan duen ordezkaritzaren arabera, «Segi eta Askatasunaren dokumentu ugari» atzeman eta, prezintatu egin zuten Iruñeako lokala.
Bestalde, atxilotu guztien senideek, poliziaren eskuetan jasan dezaketen tratua dela eta, Habeas Corpusa eskatu dute.
Berri agentzien arabera, detenituak bihar has daitezke Auzitegi Nazionaletik pasatzen eta deklarazio-hartzea asteburu osoan luza daiteke.
P ADIERAZPENAK
Acebes: «ETAri berregituratzea eragotzi diogu»
Angel Acebes Espainiako Barne ministroaren esanetan, «ETA, azkenaldian jasan dituen kolpeen ondorioz ahulduta dago eta, operazio honek, taldearen berregituraketa eragotzi du». Izan ere, «ETAren oinarrizko egituraren aurkakoa» izan da atzoko operazioa, ministroaren hitzetan.
Otsailaren 19an eta apirilaren 1ean burututako operazioen jarraipena dela esan zuen; denak ere, «ETAren oinarrizko egitura diren kide berriak atzemateko aparatuari eta informazio zein azpiegitura lanetan aritzen diren egiturei begira». Hala, ETA «laguntzarako berrosatzen saiatzen ari zen taldea indargabetu» egin dela adierazi zuen. Acebesen hitzetan, gainera, atxilotuetako batzuk «ardura zehatzak» zituzten.
Segurtasun indarrei eta justiziari dagokionez ez dela inpunitaterik egongo esan eta, mezu bat igorri zien «ETAn sartzen diren guztiei»: «Atxilotuak izango direla eta terrorismoaren aurkako legedia ezarriko zaiela». Are gehiago, «hori etengabea izango da bai Espainian bai Espainiatik kanpo», esan zuen.
Azken atxiloketen ondoren ETA «oso kolpatuta» dagoela eta gaitasun «urriagoa» duela esan zuen, bai eta erakundea berregituratzen saiatzen ari dela ere. Dena den, «nahi hori eragotzi egin da», gaineratu zuen.
Polizia operazioa
Lau operazio handi "Iradiri atzemandako agirietan oinarrituta"
2002eko abenduaren 19an Ibon Fernandez Iradi 'Susper' ETAko kidea atxilotu zuen Frantziako Poliziak. Ustez hari atzemandako agirietan oinarrituta, gaurkoarekin lau operazio handi agindu ditu Espainiako Baltasar Garzon epaileak, eta horen kariaz 70 lagun atxilotu ditu, guztira, Espainiako Poliziak: hamabost otsailaren 19an, bederatzi apirilaren 1ean, 34 urriaren 8an eta, gaur, hamaika. Guztiei ETAko kide izatea leporatu izan die Garzonek, eta erakunde horren egitura berriak sortzeko ahalegina egitea. Otsailaren 19ko operazioaren ostean, hiru lagun geratu ziren aske. Gainerakoak, espetxean daude. Apirilaren 1ekoan bederatzi lagunetik bost sarrarazi zituen kartzelara, eta urriaren 8koan, berriz, 34tik 20. Operazio horien inguruko xehetasunak ematen dituzten artikuluak dira hurrengoak:
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu