Lege bat, hamaika galdera

2008ko uztailaren 7a
14:02
Entzun
Aitor Manterola

Zer da Konkurtso Legea?

2004ko irailaren 1ean sartu zen indarrean, eta helburu honetarako erabiltzen da: kinka larrian dauden sozietate anonimoei laguntzeko. Egoera larri horren zergatiak hainbat izan daitezke; esaterako, ordainketak egin ezin izana, edo hartzekodunekin zorrak kitatatu ezina. Legeari esker, zorrak murriztu edo kitatu egin daitezke, baina horretarako, sozietateak adostasunak lortu behar ditu hartzekodun guztiekin. Bi motakoa izan da daiteke akordioa: aurrenekoan, zorraren zati bat kitatzen da, hartzekodunak uko egiten diolako zati horri; gehienez, zorraren erdiari egin dakioke uko. Bigarrenean, luzatu egiten da zorra ordaintzeko epea, baina gehienez, bost urtera.

Zeintzuk dira Konkurtso Legea eskatzeko pausoak?

Konkurtso Legea eskatzeko unean, hainbat agiri aurkeztu behar izaten dira. Realak haien bidez ziurtatu behar izan du ezin duela ordainketarik egin. Hori gertatzen da enpresak langileei ordaindu ezin dienean, edota Ogasunari edo Gizarte Segurantzari hiru hilabetez edo gehiagoz ordaindu ez dionean. Agiri horiez gain, hartzekodunen zerrenda azaldu behar da, bai eta kredituen zenbatekoa eta kredituok ordaintzeko epea noiz bukatzen den ere. Epaileak agiri guztiak onartu eta gero, administratzaileak izendatuko ditu, klubaren erabaki guztiei baimena emateko edo ez emateko. Haiek izango dira, hortaz, Administrazio Kontseiluaren gainetik egongo liratekeen pertsonak. Bestalde, klubak adostasunak lortzeari ekin beharko dio hartzekodunekin, zorrak kitatzeko malgutasun handiagoa erdiesteko asmoz. Konkurtso Legearen prozesua amaitutzat emango da hartzekodunek ontzat jotzen dituztenean klubak proposatutako baldintzak; hau da, konforme egon behar dute, eta onartu egin behar dituzte zorrak kobratzeko klubak egindako proposamenak.

Zein motako Konkurtso Legea?

Bi motako Konkurtso Legeak daude: borondatezkoa edo beharrezkoa. Aurrenekoari eutsi dio Realak, klubak berak egingo duelako eskaria; hau da, ordainketak egin ezin dituen enpresak. Bigarrenean, hartzekodunak dira eskaera egiten dutenak, sozietate anonimoak zorrak kitatzeko zer-nolako zailtasunak dauzkan kontua izan eta gero. Ondorioz, hartzekodunek badaukate aukera Konkurtso Legea eskatzeko dirua zor dien enpresa batentzat.

Erabakiak noren esku?

Realean, Administrazio Kontseiluak jarraituko du agintzen; hau da, Konkurtso Legea eskatzen den unean agintean dauden agintariek. Baina haiek hartutako erabaki guztiak gainbegiratuko dituzte hiru administratzailek. Epaileak izendatu beharko ditu hiru pertsona horiek. Ondorioz, Administrazio Kontseiluak jarraituko du agintzen, baina ezingo dute kontraturik sinatu eta jokalaririk fitxatu epaileak izendatutako administratzaileen baimenik gabe. Orain arte, Konkurtso Legean sartu diren klub gehienen kasuan, hiru pertsonako taldea aukeratu izan dute epaileek administratzaile lanetarako.

Jokalarien soldatekin zer?

Konkurtso Legean, jokalariak izango lirateke, gainerako langileekin batera, hartzekodun nagusiak. Klubak une horretara heldu arte zor ziena kobratuko luketen lehenbizikoak izango lirateke. Epaileak jarritako administratzaileak arduratuko lirateke Realeko langile guztiek soldatak garaiz eta dagokien unean kobratzeaz. Jokalarien kasuan, kluba saiatuko litzateke haien soldata jaitsiera negoziatzen, enpresarentzat onargarria litzatekeen bideragarritasun plana sortu ahal izateko. Hala ere, jokalari bakoitzak erabaki behar du klubak proposatutako soldata jaitsiera onartzen duen edo ez. Baina Konkurtso Legean sartu eta gero, jokalariek ezin dute salaketarik jarri beren sindikatuan. Izan ere, klubaren hartzekodunak izatera igarotzen dira, eta Konkurtso Legeak erakundea babesten du; hau da, ordaindu ezin izanak eragindako arazoak konpontzen laguntzeko tresna da.

Lan enplegu erregulaziorik bai?

Aukera hori epaileak izendatutako administratzaileek erabil dezakete, bideragarritasun plana klubaren egoerara egokitzeko, baina ez da derrigorrezkoa. Hala, Konkurtso Legean dauden enpresa askotan ez da lan enplegu erregulaziorik egin. Administratzaileek proposatzen dute hori egiteko aukera, baina Administrazio Kontseilua da erabakitzen duena. Las Palmasek, Malagak eta Sportingek erregulazioa egin dute, baina Alavesek ez. Langile gehiegi dituzten kasuetan soilik erabiltzen da, eta Iñaki Badiola Realeko presidenteak esan zuen ekainaren 17ko batzarrean Realean horixe gertatzen dela.

Desagertzeko arriskua al dago?

Kontuan izan behar da Konkurtso Legea ezerezean gelditzeko arriskuan dauden enpresei laguntzeko tresna dela. Enpresa horiek ezin diete aurre egin hartzekodunekin dituzten zorrei. Hala ere, enpresa batek ezin baditu bete hartzekodunekin sinatutako hitzarmenak, desagertu edo deuseztu egingo da. Horrez gain, epaileak ikusten badu enpresak ez duela bideragarritasun plana betetzen edo gehiegizkoa dela, dekretu bidez erabaki dezake desagertzea. Oraingoz, Konkurtso Legean sartu diren klubak ez dira desagertu, eta, itxuraz, futbolean erabiltzeko tresna baliagarria da. Horixe ematen dute aditzera, behintzat, Sporting, Malaga, Alaves eta Las Palmasen kasuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.