Legearen ardatz batzuk

2016ko uztailaren 28a
14:11
Entzun

Gaur onartu du Eusko Legebiltzarrak polizia gehiegikerien lege proiektua. BERRIAk hilaren 20an aurreratu zituen ardatz batzuk:

Legearen izena

Jaurlaritzaren proposamenean legea "legez kontrako errepresio egoeretan" izandako eskubide urraketei begirakoa zen, eta hari izena aldatzeko PSEren eskaria onartu egin du EAJk. Ondorioz, "motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitortza eta ordaina emateko lege proiektua" du orain izena.

Helburuak

Biktimak aitortzea "agindu etiko eta demokratikoa" dela jasotzen du idatziak. "Agente publikoek beren lanean zuzenean edo zeharka eragindako urraketen biktimak" jaso behar ditu eskubideen urraketen memoriak, testuaren arabera. Aldiz, biktimak "parekatuko dituen diskurtsorik gabe" egitea eta "gatazka politiko batek eragindako bi bortizkeriaren arteko enfrentamendu gisa" aurkeztu gabe egitea agintzen du.

Egia ezagutarazi

Legearen asmoa "bizikidetza normalizatzen eta iraganaren memoria kritikoa eraikitzen laguntzea" dela jasotzen du idatziak. Beraz, 1978-1999ko gertaerak ezagutarazi, artxibo publikoetan zaindu eta aitortza sustatzeko "neurri aktiboak" hartu beharko ditu Jaurlaritzak.

1978-1999 bitarteko muga

Proiektuak 1978 eta 1999 urteen arteko urraketetara mugatzen du eragina; 1999tik aurrerako kasuak preskribatu ez direnez, ez ditu jaso, botere judizialarekin "interferentziarik ez sortzeko".

Atzerako eragina

Legeak atzerako eragina izango du 1960-1978ko botere gehiegikerien biktimentzat. Dekretuak onartu eta ordaina jaso zuten biktimek osasun laguntza eskuratu ahalko dute; babesik lortu ez zutenek aitortza jasoko dute legearen baldintzak betez gero, eta epez kanpo gelditu zirenentzako epea zabalduko dute berriz ere.

Egiaztatzeko frogak

Eskubide urraketak egiaztatzeko, gertakari horiek aitortzen dituzten "administrazio ebazpen edo ebazpen judizialak" baliatzeko aukera izango da. Horrez gain, "zuzenbidean onartzen den beste edozein frogabideren bitartez" ere egiaztatu ahalko da urraketa. Bestalde, urraketatzat joko da "defentsa gabezia"; hau da, giza eskubideen urraketengatik salaketa aurkeztu baina horiek ikertu ez diren kasuak.

Ordaina

Biktimek ordain ekonomikoa jasoko dute, kaltearen arabera. Altuena balioezintasun larriagatik izango da: 390.000 euro. Aldiz, "tratu txar larriak edo iraunkorrak ez diren lesioak jasan direla egiaztatzen bada, pertsona horri biktima izaera emango zaio, eta merezi duen errekonozimendua jasoko du, baina ez du konpentsazio ekonomikorik jasoko".

Espresuki kanpoan

Legeak berariaz utziko ditu kanpoan armak edo lehergailuak erabiltzean hil edo zauritutakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.