ekialde hurbila

Libanora Nazioarteko indarra bidaltzeko baimena eskatu dute Erroman

2006ko uztailaren 26a
17:11
Entzun
Libanoko auzia konpontzen saiatzeko nazioarteko konferentzia hasi dute gaur Erroman. Europako Batasuneko ordezkariak elkartu dira AEB Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Saudi Arabia, Egipto, Kanada, Finlandia, NBE Nazio Batuen Erakunde eta Munduko Bankukoekin. Italiako barne ministro Massimo D’Alemak irakurri duen azken oharrean NBEk kontrolatutako nazioarteko indarra bidaltzearen alde agertu dira bildutakoak.

Erromako Nazioarteko Konferentziak “su-etena berehala” bermatzeko lan egingo duela adierazi du D’Alemak. Libanoko armadak Libano kontrolatzeko eta bake-prozesurako nazioarteko indarra bidaltzea defendatu du D’Alemak bilera ostean egindako agerraldian. Israelek nazioarteko indarra sartzea onartu duela nabarmendu du D’Alemak. “Giza-laguntza” sartzen uzteko deia ere egin dio Israeli.

Bestalde, NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek esan du, Siria eta Iran negoziazioan sartzea beharrezkoa dela krisiari amaiera emateko. Nazioarteko indarra bidaltzea ere babestu du Annanek, “Libano eta Libanoko Gobernua egonkortzeko”. Condoleeza Rice AEBko Estatu Idazkariak ere Siriaren parte-hartzea garrantzitsua dela adierazi du.

Gaur hasi duten konferentzian bi aldetako estatuak bildu dira. Israelek Hezbola eta Hamasen erasoen aurrean defendatzeko eskubidearen alde agertu dira AEBk, Erresuma Batua, Alemania eta Kanada. Bestetik, Errusiak, Frantziak, Espainiak eta Italiak Israelen erantzuna neurrigabekoa izan dela esan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.