Protestaldiek Libian harrapatu dituzte hainbat euskal herritar. Hemezortzi motozale daude horien artean, hamazazpi gipuzkoar eta lapurtar bat, eta, komunikazioak zailak diren arren, ondo daudela jakinarazi dute. Joseba Etxebarria lekeitiarra Ra´s Lanuf portuan dago, handik ezin aterata, baina ondo dagoela adierazi die senideei. Gaur goizean hitz egin dute senideek Etxebarriarekin, eta atzo baino "lasaixeago" zegoela esan die, ez zela tiroketarik entzuten behintzat, "atzo iluntzean bezala", Maribi Ugarteburu Lekeitio.hitza.info-ko kazetariak jaso duenez.
Lanean ari zen Libiako portuetan Etxebarria protestak hasi zirenean, eta atzo hotela utzi eta Libian hartu dituen pertsonaren etxean hartu dute ostatu; izan ere, hoteleko arduradunak Gaddafiren aldekoak dira. "Hotela Gadafiren aldekoena da, eta, badaezpada, Josebak eta besteek handik hanka egin zuten atzo gauean, gauzak ere han utzita, edozer gertatuko zen beldurrez", esan diote Lekeitioko Hitzari haren senideek. Gaur itzuli dira hotelera euren gauzen bila, han zegoen soldadu talde txikia joan egin dela ikusi dutenean; baina momentu honetan Ra´s Lanufetik irteteko zer egin ez dakitela daude.
Espainiako enbaxada kritikatu dute Etxebarriak eta haren sendiak, jaramon gutxi egin dietelako. "Erabat bakarrik daude. Enbaxadak abandonatu egin ditu, esanez ez dagoela haiek handik ateratzeko aurrekonturik eta beren kabuz iritsi beharko dutela Tripoli hiriburura", esan dute Joseba Etxebarriaren senideek. Ra´s Lanuf herria Tripolitik 700 kilometrora dago, eta Bengasitik 300 bat kilometrora. "Aparte dago leku guztietatik, eta momentu honetan errepideak ez dira batere seguruak. Gaddafiren aldekoak eta kontrakoak han eta hemen daude, eta Joseba zein besteak beldurrez daude. Ezin dira ausartu bidera irtetera", diote senideek. Aireportu gertuena ordubetera dago, baina atzo jakin zuten itxita dagoela. Ra´s Lanuf itsas portua da, eta findegi handi bat dago han. "Deskarga egitera doan itsasontziren batean irten ahal izatea da haien itxaropena orain, baina hori ere ez da bat ere kontu segurua", diote etxekoek.
Dirurik eta pasaporterik gabe
Etxebarriak 42 urte ditu, eta Alemaniako enpresa handi batentzat egiten du lan. "Enpresen jarduna zuzenean Gaddafiren gobernuak kontrolatzen zuenez, langileek pasaporteak enbaxadan laga behar izan zituzten Libiara iritsitakoan. Orain Josebak eskuetan daukan dokumentazio bakarra bisa bat da, eta pasaporterik ez. Dirurik ere ez daukate, erabat abandonaturik daude", salatu dute. Etxebarriaren senideek egoeraren larritasuna kontuan hartuta, eskari bakarra dute egiteko: "Espainiako Estatuko eta Europako beste estatuetako arduradunek gaiaz arduratzea. Euren artean koordinatuta herritar horiek euren herrietara itzultzeko bidea egin dezatela, horixe eskatzen dugu".
Libian dagoen lekeitiarraren senideek hura Euskal Herrira itzultzeko eskatu diete erakundeei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu