analisia (Martxelo Otamendi)

Listua gora bota

martxelo otamendi
2016ko apirilaren 18a
18:45
Entzun

Lasai geratuko zen De Andres popularra gaztelania edo euskara bost urteko epean ikasi ez duen migranteari laguntza publikoa (diru sarrera bermatzeko errenta, DSBE) kentzea proposatu duenean.

Pentsatzekoa da euskararen aipamena itxurakeria hutsa izango dela, euskaldunez inguratuta bizi arren ikasi gabe segitzen duelako.

De Andresek proposatu duenaren bidetik segituta, zer egingo dugu, berak bezala, euskaraz ez dakiten politikari profesional, kargudun publiko eta funtzio publikoan diharduten langileekin? Soldata erdira jaitsi Hego Euskal Herrian ofizial diren bi hizkuntzetako bakarra dakitelako?

Berandu dator Arabako diputatu nagusi ohia proposamenarekin. Kargu hori zeukanean hartu behar zuen erabaki hori, alegia, soldata erdia jasotzea euskaraz ez zekielako. Hori egin balu, ulertuko genuke, ezen ez konpartitu, proposatu duena.

Zer esango zukeen De Andresek talde euskaltzale batek horrelakorik proposatu izan balu? Adjektiborik gabe geratuko zatekeen, tamaina horretako astakeriaren pareko kalifikatzailea ezin aurkituz.

Ez al zen borondatezkoa hizkuntza ikastea? Ez al digute nekatzeraino errepikatu hizkuntzek ez daukatela eskubiderik?

Behin jarriko dio arreta De Andresek euskarari, eta migranteak zigortzeko jarri dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.