Lokarri akordioaren, kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko herritarren sarearen arabera, ETAren erabakiaren ondoren "euskal gizarteak aukera berri bat du hain desiratua den bake nahia egia bilakatzeko" eta, "bake prozesu bat bideragarria eta gauzagarria izan dadin", baldintza batzuk behar direla iritzi dio: "[ETAren] Indarkeriaren itzulezintasuna eta Batasunaren legalizazioa".
Lokarrik garrantzia berezia ematen dio ezker abertzaleak egindako gogoetari. "Estrategia berria garatzearen ezker abertzalearen erabakia izan da arrazoi nagusiena ETAk atentatu berriak ez egiteko eta, azkenean, eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia adierazi behar izateko. Orain ezker abertzaleak dauka lidergoa. Batasunaren legeztatzea da [Espainiako] Gobernuak egin dezakeen ekarpenik hoberena lidergo hau indartzeko".
Espainiako exekutiboari "bakerako aukera honetatik kanpo" ez geratzeko eskatu dio. "Gobernuari deia egiten diogu: aurrea hartu dezala eta erakunde politiko guztiekin elkarrizketa hasi dezala -Batasunarekin barne-, euskal alderdi politikoen arteko akordio prozesu baten baldintza, printzipio, eduki eta agenda definitzeko. Elkarrizketa honek hurrengo helburuak izango lituzke: bake iraunkorra oinarritzea, hainbeste urtetako indarkeria eta liskarren giza ondorioak konpontzea, giza eskubide guztiak bermatzea, sektore politiko guztiak barne hartzea eta berradiskidetze sozial prozesu bati aurre egitea".
Lokarrik Batasuna legeztatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu