LOMCEri aurre egiteko estrategia eta baliabideak

2014ko maiatzaren 7a
07:36
Entzun

1. Pedagogia eta curriculuma. LOMCEk curriculumean «inposatutako» neurriak ez onartzeko eskatu diete Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Horren ordez, oinarrizko gaitasunak eta Euskal Herria «dimentsio ezberdinetan» aintzat hartuko dituen pedagogia eta curriculuma lantzea nahi dute. Herriz herriko curriculumak ere indartu nahi dituzte, baita ikastetxeetako proiektuak ere.

2. Hezkuntza pertsonen eta gizartearen garapenaren zerbitzura. LOMCEren ikuspegi «atzerakoi eta merkantilistaren» ordez, «hezkuntza integral, laiko eta aurrerakoia» garatu nahi dute, eta aniztasuna, elkartasuna, kritikotasuna, justizia soziala, iraunkortasuna eta horrelako balioak sustatu.

3. Ebaluazioak. Irakastaldien amaieran LOMCEk dakartzan lau azterketak —Lehen Hezkuntzan bi, eta bana DBH eta batxilergo amaieran— ez egitea proposatu dute, eta, horren ordez, ebaluazio sistema propioa garatzea. Desobedientzia jendetsua izatearen garrantzia nabarmendu dute: «Erabaki hauek langile, ikasle eta familia ugarik eta ikastetxe askok edo gehienek aurrera eramaten badituzte, arazoa administrazioek izango dute».

4. Eskola demokratikoa eta parte hartzailea. Parte hartzea gutxitzea dakar erreformak; zuzendaritzen agintea handituko da. Horren ordez, erabakiak modu demokratikoan hartzea sustatzeko eskatu dute, baita herrietan hezkuntza batzordeak bultzatzeko ere.

5. Ikasle euskaldun eleaniztunak. Eskoletan euskara «hizkuntza ardatza» izatea proposatu dute, eta ikastetxeko eremutik haratago zabaltzeko hizkuntza proiektua lantzea, auzo edo herriko eragileekin batera. Euskararen zein gainerako hizkuntzen gutxieneko ezagutza mailak zehazteko eskatu dute: Derrigorrezko Hezkuntza amaitzean, euskaraz eta gaztelaniaz C1 maila izatea (EGAren parekoa), eta B1 maila atzerriko hizkuntzan.

6. Berdintasuna. Ikasleak banatzea eta sailkatzea atzerapausoa delakoan, hori ez egiteko eskatu diete ikastetxeei, eta ez onartzeko familiei. Aukera berdintasuna bermatzeko, materialak eta zerbitzuak eskura jartzea galdegin dute, eta eskola programazioak hezkidetzan oinarrituta diseinatzea.

7. Kalitatea. Eskola bakoitzaren emaitzak publiko egiteko asmoa du Hezkuntza Ministerioak. Horretan ez lehiatzeko eskatu diete ikastetxeei, «eliteko» eskola izateko bidea ez hasteko. Espediente ona duten ikasleentzat tokirik ez gordetzea proposatu dute.

8. Autonomia. Hezkuntza erreformak itunpeko eskoletako patronalei «erraztasunak» ematen dizkiela salatu dute. Kontrol publikoa areagotze aldera, funts publikoen erabilerari buruzko datuak gardentasunez adierazteko eskatu dute.

9. Eskola porrota. DBHn zailtasunak dituzten ikasleentzat, oinarrizko lanbide heziketa sortu du LOMCEk. Eragileek uste dute eskola porrota eta langabezia ezkutatzeko bidea dela. Ikasleak hara ez bideratzeko eskatu diete ikastetxeetako orientatzaileei eta familiei, kasu berezietan salbu.

10. Lanbide heziketa duala. Lanbide heziketa «enpresen eta prestakuntza beharren zerbitzura» jar daitekeela ohartarazi dute. Hori ikusirik, ikasleen heziketa helburu gisa sendotze aldera, curriculumaren ardura ikastetxeen esku uzteko eskatu dute. Ikasleen eskubideak babestu eta lan baldintza egokiak sustatu beharra ere nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.