Madernaz, Zaldibar, Plazaola eta Aiara espetxean sartu dituzte

2011ko martxoaren 2a
10:28
Entzun
Euroagindu auziari buruz erabaki bitartean, preso sartu dituzte joan den astean Izpuran (Nafarroa Beherea) itxialdian egon ziren zortzi gazte independentistetatik lau. Bergoi Madernaz, Aiala Zaldibar, Aitziber Plazaola eta Beñat Lizeaga Tolosa inguruko Seysses espetxean sartu dituzte (Okzitania, Frantzia), euroaginduari buruz erabaki arte.

Herenegun atxilotu zituzten laurak, eta egun hartan bertan eraman zituzten Paueko Auzitegira. Zaldibar espetxeratzeko agindua astelehenean bertan eman zuen epaileak, eta gainerako hirurak preso sartzea atzo agindu zuen. Euren kontra euroagindu eskaera bat zegoela jakinarazi zien epaileak guztiei, espetxeratzearen berri eman aurretik.

Zaldibar urtarrilaren 18an ere atxilotu zuten euroagindua dela-eta. Orduan, epaileak erabakia hartu bitartean libre utzi zuten neurri judizial batzuekin. Neurri horiek ez betetzea egotzita atxilotu zuten astelehenean.

Hain justu, euroaginduen kontrako protestan astebeteko itxialdia egin ostean atxilotu zituzten lau gazteak. Zortzi egon ziren itxialdian; guztiak ere iazko urriaren 22an Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak gazte mugimenduaren kontrako polizia operazioari iskin egitea lortu zuten gazteak. Orduan hamalau gazte atxilotu zituzten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan Segi gazte erakundeko kide izan eta «talde terroristako kide» izatea egotzita. Izpuran itxialdian egon ziren gazteek deliturik ez dutela egin eta ezkutatzeko arrazoirik ez dutela aldarrikatu zuten. Hainbat hautetsi eta eragileren babesa jaso zuten, gainera. Beren etxeetan ostatu eman eta gordeko zituztela ere esan zieten hainbat hautetsik, eta halaxe egin zuten.

Zaldibar eta Mardenaz gazteak Luxi Oxandabaratz Gamarteko kontseilariaren etxean atxilotu zituzten, eta Lizeaga eta Plazaola Europe Ecologie-ko Akitania herrialdeko kontseilari den Alice Leizegezaharren etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.