Madrazoren arabera, Jaurlaritzaren gobernu hitzarmen berrian alderdien plan zehatzak baztertu dira

2005eko ekainaren 27a
16:53
Entzun
Jaurlaritzako hirukoaren gobernu hitzarmenean bakegintzari eta normalizazio politikoari "oso norabide egokia" eman zaiola uste du Javier Madrazo EBren koordinatzaile nagusi eta Jaurlaritza berriko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak. Hain zuzen ere, legegintzaldi honetan bakegintza eta normalizazioa ez dutela "alderdi baten plan zehatz baten inguruan" oinarrituko nabarmendu du, baizik eta metodologia adostu dutela "estrategia komunean" aritzeko. Radio Euskadin egin ditu adierazpen horiek.

Osatu berri den Jaurlaritza eta haren helburuak izan ditu hizpide nagusi Javier Madrazo EBko koordinatzaile nagusi eta Gasteizko Gobernuko berriko Etxebizitza sailburuak Radio Euskadinegin dioten elkarrizketan. Izan ere, EAJk, EAk, eta EBk gaur sinatuko dute gobernu hitzarmen berria.

Akordio horrekin Jaurlaritzan "eroso" sentituko direla esan su Madrazok, hitzarmen landua eta batzuen eta besteen ekarpenak biltzen dituena delako. Batik bat, bakegintza eta normalizazio politiko arloan gobernu programari "norabide egokia" eman zaiola nabarmendu du: "Ez da alderdi baten plan zehatz baten inguruan ardazten, nahiz eta plan hori zilegia izan. Aitzitik, alderdi bakoitzaren proposamenak alboratu egin dira normalizazioa lortzeko estrategia komunean zentratzeko", nabarmendu du. Ildo horretatik, metodologia adostu dela zehaztu du.

Gizarte arloko gaietan Jaurlaritzako hiru alderdien arteko adostasuna lortzea zailagoa izan dela azaldu du Madrazok. Esan duenez, ezadostasun nabariak eta "problematikoak" izan dituzte, batik bat, azpiegiguren arloan eta, bereziki, AHTari dagokionez. Hala ere, gai horietan ere nolabaiteko akordioa lortu duela esan du.

Bakegintzan eta normalizazio politikoan aurrera egiteko Ibarretxek inbesitidura hitzaldian proposatutako alderdien mahaiaren beharrarekin bat etorri da EBren koordinatzailea. Gatazka gainditzeko bide horretan aurrera egiteko Batasunak —Batasuna legez, eta ez beste talde batek ordezkatuta— parte hartzea derrigorrezkoa dela iritzi dio, eta horregatik, alderdien mahaia Eusko Legebiltzarretik kanpo osatu beharko litzatekeela. Ildo horretatik, aukera horren aurka agertu diren PSE eta PPri gogorarazi die Ajuria-Eneako Mahaia ere Legebiltzarretik kanpo osatu zela.

Madrazok azpimarratu du Jaurlaritzaren eguneroko politikari ezkerreko norabidea eman nahi diotela. Horretarako, PSErekin eta Ezker Abertzalea taldearekin akordioak lortzen saiatuko direla adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.