Madrilek ez du aitzakiarik AHTa atzeratzeko, Jaurlaritzaren esanetan

2013ko urriaren 23a
19:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuorde Antonio Aiz "pozik" azaldu da, Frantziako Gobernuak emandako "aurrerapausoekin". Frederic Cuvillier Frantziako Garraio ministroak gaur iragarri baitu Atlantikoko AHT abiadura handiko trenaren korridoreak Paris eta Madril lotuko dituela, Euskal Herria zeharkatuta.

Frantziako Gobernuaren lanek bi atal izango dituzte: lehenengoa Bordele eta Tolosa (Okzitania) artekoa izango da, eta 2024an jarri nahi dute martxan. Bigarrena Girondako hegoaldearen eta Akizeko iparraldeko sarreraren artekoa da; 2027rako amaitzea espero dute.

"Beranduenez", Hendaiara 2032. urtean iritsiko litzateke abiadura handiko trena. Hori jakin eta gero, Aizek honakoa adierazi du: "Espainiako Gobernuak ez du aitzakiarik Valladoliden (Espainia) eta Gasteizen arteko abiadura handiko bidearen eraikuntza eta Euskal Y burdinbide sareko lanak atzeratzeko".

"Antza denez, Frantziako Gobernuak Siim Kallas Europako komisarioaren deia aintzat hartu du, eta beharrezkotzat jo du azpiegitura handi hori egitea", esan du Aizek.

"Orain Europako Batasunaren zuzentarauak kontuan hartu eta behar ditu Madrilek, eta bere proiektuen artean lehentasun horiek ezarri behar ditu. Horietan, penintsula barruko eta erdialdeko Europako burdinbide-sarbide berria gailentzen da", nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako ordezkariak.

Frantziako Gobernuaren iragarpenaren arabera, 2027. urtean Baiona eta Parisen arteko bidea hiru ordu eta 25 minutuan egingo litzateke, AHTa erabilita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.