Maradonak jakingo du orain nor den Muller

Igor Susaeta.
2010eko uztailaren 3a
17:57
Entzun
"Batzuetan dena azkarregi pasatzen ari dela iruditzen zait". Thomas Mueller bera konturatu da (Weilheim, Alemania, 1989). Izan ere, 21 urte ez ditu bete oraindik, eta dagoeneko Bayern Munichen zein Alemaniako selekzioaren izarretako bat da. Baina harrigarria dena da orain 13 hilabete egin zuela debuta Bavariako taldearekin. "Baina ez naiz gaizki jokatzen hasiko dena polikiago joan dadin". Ondo jokatzen ari baita. Zelai erdian, hiruko lerroan, edozein postutan aritu daiteke; eta aurrealdean ere bai. Azkarra, abila eta golerako sena daukana. Denboraldi honetan hamahiru sartu ditu Bundesligan, lau kopan, eta beste bi Txapeldunen Ligan. Mueller abizena edukita, normala. Gerd Mueller handiak, torpedoak, 1970eko hamarkadako aurrelari mitikoak 364 sartu zituen Bayernekin jokatutako 427 partidetan. Kostatuko zaio Thomasi zenbaki horietara hurbiltzea, baina selekzioan, behintzat, zenbaki bera erabiltzen dute: 13a. Muellerrek apenas daukan eskarmenturik. Verti Vogts Alemaniako selekzioko hautatzaile ohiak, baina, zera bota zuen jokalariari buruz, Alemaniak Munduko Kopako lehen partidan Australiari 4-0 irabazi ondoren: "Selekzioarekin jada ehun partida jokatu izan balitu bezala aritu da". Laugarrena zuen. Debuta joan den martxoaren 3an egin zuen, Argentinaren kontra. Prentsaurrekoan Maradonarekin hitz egitea tokatu zitzaion, eta argentinarrak ondoan zegoena ea nor ote zen galdetu zuen. Ziur orain badakiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.