GIPUZKOAKO GIZARTERATZE LAGUNTZA

Marotoren "tesi arrazistak" bere egitea egotzi dio ELAk aldundiari

Oihan Vitoria.
2016ko apirilaren 13a
13:03
Entzun

ELAk arbuiatu egin du Gipuzkoako Diputazioak DSBL diru sarrerak bermatzeko laguntza era mailakatuan bertan behera uzteko hartu duen erabakia, 2017an hura eskatzeko atea itxiko baitu. Sindikatuak gogoratu du Patxi Lopez buru zuen Jaurlaritzak gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errentari ezarritako murrizketak leuntzeko "neurri partzial bat" izan zela laguntza hori.

Zubi lana egiteko sortu zuen Bilduren esku zegoen diputazioak. Jaurlaritzaren laguntza jasotzeko errolda hiru urtera igota, tarteko laguntza bihurtu zen Gipuzkoakoa, lurraldean urtebetez erroldatuta egotearekin aski baitzen hura jaso ahal izateko. Erabakia argudiatzeko erabili duen "diskurtso xenofoboa" gaitzetsi du ELAk, eta Javier Marotoren "tesi arrazistarekin" parekatu du.

"Migrazio isuri artifiziala"

Gizarteratze laguntzak Gipuzkoan "migrazio isuri artifiziala" eragin duela azaldu zuen atzo Maite Peña diputatuak. Hitzok larritzat jo, eta gezurretan aritzea leporatu dio sindikatuak diputazioari: "Marotok ere diskurtso bera baliatu zuen Gasteizko alkate zela Jaurlaritzaren gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errentaren baldintzak gogortzeko eskatu zuenean".

Gipuzkoan etorkin eta errefuxiatuekiko elkartasun sentipena "agerikoa" dela oroitarazi du ELAk: "Aldundia, baina, herritarrak lotsarazten dituzten agintarien alboan jarri da, laguntzak murriztu dizkiolako gizarte laguntzen behar gorria duen kolektibo bati". Datuak argigarriak dira: Gipuzkoan erroldatuta dauden herritarren %6,5 baino ez dira atzerritarrak, Nafarroako (%13,5), Espainiako (%10) eta Arabako (%8) batez bestekoaren azpitik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.