MARTXELO OTAMENDI. Pluton bezala, planeta nanoa?

2006ko irailaren 8a
11:37
Entzun
Krisia pairatzeko lehendabizi egoera onean egon beharra dago eta gero, arrazoi asko egon liteke, krisian sartu. Baina sekula ondo egon ez denak ezin du esan krisian dagoenik. Horixe gertatzen zaie/gu euskarazko komunikabideoi. Mila zenbaki bete ditu gaur BERRIAk, eta beste milaka asko betetzeko asmoarekin jaio zen, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera injustuaren ondorioz, milaka herritar eta etxe honetako ehunka langileren ahaleginari esker. Euskarazko prentsa, oro har euskarazko komunikabideak, sekula egon ez den mailan dago orain, bai kantitatean eta baita ere kalitatean.

Baina euskarazko prentsak ezin du sortu ez dagoen lekutik. Dauden euskaldun alfabetatu normalak daude gure herrian, ez inkesta hiperoptimistetan ageri direnak. Eta euskaldun normal horien kopurua kontuan hartuta, ez da txarra euskarazko prentsak daukan audientzia, seguru asko, modu portzentualean alderatuta inguruko hizkuntza minorizatu eta ez horren minorizatuek daukatenaren gainetik.

Baina kontabilitate horrek ezin gaitu konformismora eraman. Oraindik badirelako euskaldun normal asko euskarazko prentsa kontsumitzen ez dutenak. Ez dugu etsiko gure egunkariaren maila, idatzia eta Interneten, etengabe hobetzeko lanean, eta erosle eta irakurle gehiago biltzeko ahaleginean, baina behin kopuru batera iritsiz gero, erosle berriak lortzeko egin behar den inbertsioa gure ahalbideetatik kanpo dago.

Hortxe ikusten ditugu guk Administrazioak, merkatua sortzen laguntzeko lanean; euskarazko kontsumora herritarra bultzatzeko ahaleginean. Eta sektorearekin batera hurrengo hamarkadak egingo duen eskaintza normala lantzen eta adosten, kioskoa estandarizatzeko bidean. Eta horretarako ez dira autobideko kilometro asko behar.

Euskarazko produktuen kontsumoa ez dago suziriak botatzeko moduan, modalidadea edozein dela: literatura, prentsa, musika, antzerkia, telebista, irratia... Ezta ere titularitatea (publikoa, pribatua) edozein dela. Non eta ez dugun geure burua engainatu nahi.

Merkatu erreala eta potentzialaren arteko aldea handitzen ari da era larrian, eta joera hori irauli beharra dago berandu baino lehen. Euskaraz jakin bai, baina euskarazko produktuak kontsumitzeko jarrera ez duten euskaldunak ari gara sortzen. Eta egoera hori are larriagoa da, gure kasuan bezala, masa kritikoa txikia denean. Masa kritiko handiko soziologietan, beti lortzen da proiektuak errentagarri egiteko moduko gutxienekoa. Ez da gure kasua. Gu, Pluton gizajoa bezala, planeta nanoa gara.

Baina arazoa ez da nanoa izatea, baizik eta pentsatzea jaiotzetikako malformazioa daukagula. Eta ez da gauza bera nano izatea eta malformazio hori edukitzea. Nano izatea aldarrika dezakegu, aldarrikatu behar dugu, horrelakoak garelako.

Horregatik da garrantzitsua, puntu honetara iritsita, Administrazioaren eta sektorearen arteko elkarlana. Administrazioek oso gutxi egin dezakete bakarrik, eta sektoreak, Administrazioaren elkarlanik gabe, zaila dauka premiazkoak diren urratsak egitea, indarrak etengabeko borroketan xahutu behar dituelako.

Zergatik ez ote du Administraziokoen ondoan dagoen kapital pribatuak inbertsiorik arriskatu gure esparru honetan? Ez da oso azkarra izan behar: etekinik ateratzeko modurik ez dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.