M-11, sarraskia Madrilen

Martxoaren 11an egiletzaren inguruan izan ziren adierazpenen orduz orduko kronika

2004ko martxoaren 18a
17:14
Entzun
Iluntzean erakunde islamisten egiletzari buruzko hipotesia nagusitzen hasi zen, baina egun osoan zehar atentatuaren egiletzat ETA jo zuten Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta alderdi nagusiek.

Espainiako gobernua, goizean: Eduardo Zaplana Espainiako Gobernuko bozeramaileak ETAri leporatu zion atentatua eta Ana Palacio Atzerri ministroak atentatuak ETAren zigilua daramala esan zuen.

IBARRETXE, 09:30: Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ETAri egotzi zion atentatua. «Bere azken orrialdeak» idazten ari dela esan zuen.

OTEGI, 09:30: ETAren jokabidearekin ez datorrela bat, eta «erresistentzia arabiarraren» ekintza izan daitekeela ohartarazi zuen Arnaldo Otegik, Herri Irratian.

RENFE, 10:15: Leherketen aurretik telefono deirik ez zutela jaso jakinarazi zuen Renfek.

Espainiako alderdiak, goizean: PPko idazkari nagusi Mariano Raxoik, PSOEko idazkari nagusi Jose Luis Rodriguez Zapaterok, eta IUko koordinatzaile nagusi Gaspar Llamazaresek ETAren atentatua gaitzetsi zuten, beste hipotesirik aintzat hartu gabe. CiUk eta ERCk ere berdin jokatu zuten.

AB, 11:00: ETA izan bada «estrategia suizida eta ulertezinaren adierazle» dela, baina talde islamisten ekintza izatea ez dela baztertu behar adierazi zuen ABk Baionan.

IMAZ, 11:30: Sarraskia ETAk egin duela adierazi zuen Josu Jon Imaz EAJko EBBko lehendakariak.

ERRAZTI, 12:45: Atentatua gaitzetsi zuen, ETArena izan edo Al Kaeda izan. Ez zion inori egotzi.

Otegi, 13:00: «Ezker abertzaleak» ETA izan denik ez duela kontuan hartu ere egiten adierazi zuen Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak prentsaurrekoan, ezta «hipotesi moduan ere».

LAB-EN OHARRA: Atentatua ETAk egin duela dioten bertsioak sineskaitzak direla esan zuen LABek, «sarraskiaren aurrean» erabateko arbuioa adieraztearekin batera.

ACEBES, 13:30: Otegiri nahasmena eragiteko «jokabide miserablea» egotzi zion Angel Acebes Espainiako Barne ministroak, prentsaurrekoan, eta atentatua ETAk egin duela «inolako zalantzarik» ez zegoela.

ZAPATERO, 14:00: ETAren aipamen bakarra egin zuen adierazpenean: «ETAk inoiz egindako atentatu izugarrienak izan dira». Bestela, «terrorismoaz» aritu zen.

Aznar, 14:40: ETAren aipamen bakarra ere ez zuen egin Jose Maria Aznar Espainiako gobernuruak, adierazpen instituzionalean. «Terrorismoa» izan zuen aipagai.

Acebes, leherkariaz: Atentatuan erabilitako leherkaria «ETA erabili ohi duen bera» dela esan zuen Angel Acebesek, Barne Ministerioko «iturri ofizialek» Efe agentziari adierazi ziotenez. Aznar hitz egiten ari zen bitartean zabaldu zuen teletipoa Efe agentziak, eta Acebesek horren berri Aznarri emana ziola zehazten zuen.

Europol, 15:40: Atentatuen egilea zein aen argi ez zegoela adierazi zuen Jurgen Storbeck Europoleko zuzendariak. Europoleko zuzendariak azaldu zuen leherketaren aurretik telefonoz ohartarazi ez izana ez dator bat ETAren ohiko jokabidearekin.

'El Pais', arratsaldean: Atentatuaren egilea ETA izan dela baieztatu zuen El Pais-ek arratsaldeko edizio bereziko lehen orrialdean: «Matanza de ETA en Madrid» (ETAren sarraskia Madrilen).

RAXOI, 16:40: Otegiren adierazpenak «batere sinesgarritasunik» ez duela esan zuen, telebistan: «Jaun horrek ETA sostengatzen du, eta esaten duenak ez du baliorik»

INTERPOL, 17:00: Interpoleko idazkari nagusi Ronald Noblek ikerketarako laguntza eskaini zuen. «Eraso honen eta munduan izan diren beste eraso batzuen artean loturarik dagoen ikusteko Interpolen datu-base guztiak arakatzen ari gara» , adierazi zuen.

AEB-etako gobernua, 18:00: AEBtako Gobernuko Estatu Idazkaritzako bozeramaile Richard Boucherrek esan zuen bere gobernuak ez duela daturik Madrilgo atentatuen atzean Al Kaeda dagoela susmatzeko.

MIREN AZKARATE, 18:00: Ikerketa Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren esku dagoela, eta oraingoz Barne Ministerioak esan duenaz aparteko beste susmorik ez dagoela adierazi zuen Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, ETB-2n.

BATASUNA, 19:00: Batasunak, ohar baten bidez, «klase politiko guztiaren jokamoldea» salatu zuen, «atentatu honen egiletzat ETA jo dutelako inolako frogarik erakutsi gabe».

ACEBES, 20:15: Arratsalde hasieran esandakoa zuzendu, eta «hipotesi guztiak zabalik» daudela argitu zuen Acebesek. Furgoneta batean zazpi detonagailu eta Koran-eko bertsoak grabatuta zituen zinta bat atzeman zituztela jakinarazi zuen.

Al kaeda, 21:15: Londresko Al Quds Al Arabi agerkariak Al Kaedaren aldarrikapena jaso zuela zabaldu zen. Lehendik ere Al Kaedaren errebindikazioak jasotakoa da agerkaria, eta zuzendariak sinesgarritasuna eman zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.