Matuteren arabera, zaila da Otegiren eta Olanoren adierazpenak "ezkontzea"

2007ko otsailaren 27a
15:33
Entzun
Ezker abertzalean jarrera kontrajarriak sumatzen dituela azpimarratu du Oscar Matute EBko buruzagiak. Ertzaintzaren larunbateko oldarraldliari dagokionez, oinarrian Espainiako Alderdien Legea dela gertatutakoaren errudun esan du berriro. Halaber, gertatutako guztia argitzea nahi dutela, eta zaila egiten zaiola Ertzaintzak hain bortitz "arrazoirik gabe" jokatu zuela sinestea.

"Irudi horiek ez ditugu gogoko. Irudi gogorrak dira, ulertzeko zailak. Iragan garaietara garamatzate, etsaitasun handieneko garaietara, eta horixe da gainditu nahi genuena. EBk uste du Alderdien Legeak duela oinarrian errua", esan du EBko legebiltzarkide eta zuzendaritzako kideak ETB2n El Punto saioan, bere alderdiek aurreko egunetan agertutako jarrera berretsiz.

Baina ez da horretara mugatu Matuteren irakurketa. Ezker abertzalea ere kritikatu du, eta "ilegalizazioaren erabilera" egitea leporatu dio. "Salatu nahi dugu ilegalizazioaren erabilera modu bat, martirologioa egiteko helburua duena". Ildo horretatik, ezker abertzalearen barruan jarrera kontrajarriak daudela iradoki du, eta zaila egiten dela Arnaldo Otegik eta Juan Mari Olanok egunotan egin dituzten adierazpenak elkarrekin "ezkontzea". Otegiren adierazpenak "gizarte plural baten eta errespetuaren" aldekotzat jo ditu Matutek; Olanorenak, aldiz, "onen eta txarren, heroi eta traidoreen arteko mugak" ezartzen ziren garaietakoak iruditu zaizkiola.

Nolanahi ere, larunbatean gertatutako guztia argitzeko eskatu du Matutek, eta nabarmendu du zaila egiten zaiola "herritar gehienei bezala" sinestea Ertzaintzak "arrazoirik gabe" jokatu zuela hain bortitz. "Bitxia iruditzen zait Ertzaintza lasai egotea, eta bat-batean indar horrekin erantzutea. Jakin nahi dugu zeintzuk izan izan ziren erantzun hori eragin zuten getakariak. Uste dugu zerbait izan zela, eta jakin nahi dugu zer gertatu zen".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.