Tortura ez-gizatiar eta umiliagarria saihesteko Europako Batzordeko presidente ohia da Palma, eta Herrira-ri bere iritziaren berri eman dio. Bere ustez, 197/2006 doktrinak zuzenbide estatuen "oinarrizko hiru printzipio urratzen ditu".
Lehenengo printzipioa da presoak bete behar duen kondenaren epe zehatza jakitea. "Zigorra betetzen ari diren pertsonek bat-batean ikusi zuten 2006an beren zigorra lehenagotik uste zutena baino luzeagoa izango dela. Horrek esan nahi du betetzen ari den kondena mugagabea dela, ez baitaki zenbat denbora egongo den kartzelan, eta edozein unetan beste erabakiren bat har daiteke gainera". Horrek, Palmaren ustez, "Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 3. artikulua urratzen du". Presoa tratatzeko erari "umiliagarria" deritzo.
Bigarren printzipioa da zigorrak ezin duela inoiz atzeraeraginezkoa izan, eta Parot doktrina halaxe da, gogoratu duenez: "Hori da Giza Eskubideen Auzitegiak 2012an emandako erabakiaren muina".
Hirugarrenak zehazten du zigorrak delituen ordaina direla, eta ez direla aplikatuko zigortuen edo hainbat pertsonaren helburu konkretua zigortzeko. "Hirugarren printzioa ere urratzen du, helburu jakin baterako diseinatutako estrategia delako. Horrek eraso egiten dio zigor legeak bete beharreko orokortasunaren kontzeptuari. Horregatik pentsatzen dut Parot doktrina printzipioengatik berrikusi beharko litzatekeela, eta lehenbailehen".