“Joan hadi kakatara!”. Guztiek aditzeko moduan egin zion oihu John McCainek John Cornyri. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Senatuan izan zen hori, iaz, biak Alderdi Errepublikanoaren ordezkari zirela. McCainek proposatutako lege baten kontra bozkatzeagatik merezi izan zituen Cornyk hitz goxoak. 2000. urtean ere, “inuzente arraio hori” deitu zion Chuck Grassleyri, Senatuko saio erdian. Baina ateraldi horiek ez diote eman menderakaitz sona. Jenio txarreko gizona dela erakusten dute soilik. Eta irainzalea. McCainen menderatzeko ezintasuna, ordea, haren biografiako beste pasadizo batzuek uzten dute agerian. 1968ko ekainekoek, bereziki.
McCain AEBetako armadako soldadu, militarren seme eta biloba eta Vietcongeko kide bat, Katua ezizenekoa, daude aurrez aurre. McCainek zortzi hilabete daramatza preso Hoa Loa espetxean, Vietcongekoek bera gidari zuen hegazkina bota ostean. Hanoi hiriburua airetik zeharkatzen ari zela eraso zioten, 1967ko urriaren 26an. Ordutik zigor geletan eduki dutena noren seme den jakin berri dute vietnamdarrek. McCainen aita Pazifikorako AEBetako armadako komandanteburua da. Errepresalien beldur -eta trukean informazioa eman dezan-, askatasuna eskaintzen dio Katuak:
—Zer diozu?
—Ez, eskerrik asko.
—Zergatik?
—Preso amerikarrek ezin dute ez amnistiarik ez aparteko mesederik onartu. Harrapatu gaituzten ordena berean askatu behar gaituzte. Everett Alvarezek beharko luke nire lekuan, beraz.
Vietcongeko kideek erruz torturatu zuten McCainen ozarkeria. Eta bere burua errudun jotzera behartu zuten, gainera.
Gerra eremuan erakutsitako menderaezintasun hori politikari bizitzara eraman du McCainek behin eta berriz. 1982an erretiratu zen, kapitain kargua zuela, eta AEBetako kongresuko kide errepublikano gisa ekin zion karrera politikoari. Hasiberria zen Ronald Reagan presidenteari eta alderdikideei kontra egitea erabaki zuenean, 1983an. Reaganek baimena eskatu zion Kongresuari Libanoko misioa luzatzeko. 260 kongresukidek alde bozkatu zuten, 170ek kontra. McCainek hitza eskatu zuen orduan: “Zenbat eta denbora gehiago egin Libanon, orduan eta gehiago kostako zaigu handik irtetea”. 47 urte baino ez zituen kongresukideak orduan. Haren ustez, AEBetako misioa eskasegia zen Libanok garai hartan zuen egoerari aurre egiteko. Handik hilabete eskasera, libanoarrek 241 marine eta Frantziako 58 soldadu hil zituzten. AEBetako armadak berehala laga zuen Libano.
Ordutik, AEBek herrialderen bat inbaditu dutenero, ahal diren baliabide guztiekin egitea defendatu du McCainek; Kongresutik lehenbizi, eta 1986az geroztik Senatutik. Ahalik eta soldadu, tanke, helikoptero eta gerra tramankulu gehien bidalita egin behar da gerra. Hori da McCainen doktrina.
Horrexegatik kritikatu zuen McCainek George Bush aitaren jarduna Golkoko lehen gerran. Bill Clinton ere bareegia zen gerra kontuetan, aukeran. “AEBen interesak defendatzeko indarra erabiltzea beharrezkoa denetan, Clinton noizean behingo bonbardaketa hutsalak egin zale da”. Halako gogoetak biltzen ditu Worth fighting for liburuan.
Berrikiago, Irakeko gerraz ere izan du kexurik. Ez babesten ez duelako. Oso aldekoa da. 2003an, Bagdad zortzigarren aldiz bisitatu zuenean, herrialdean AEBetako soldadu gutxiegi zegoela ondorioztatu zuen. Eta 2004ko abenduan, herrialde hartan indarkeriak gora egin zuela ikusita, Donald Rumsfeld Defentsa idazkariari egotzi zion errua. “Ez naiz hartaz batere fio” esanez, Alderdi Errepublikanoko arrain handi bati egin zion gogor. Ozarkeria, berriro ere.
Ideia horiek burutik kendu ezinik, eskutitz bat bidali zion George W. Bush presidenteari handik bi urtera, 2006ko abenduaren 12an. “Gerra irabazteko” Irakera beste 20.000 soldadu bidaltzeko gomendatzen zion bertan. Bushek 20.000 soldadu baino gehiago bidali zituen. Handik bi egunetara, Rumsfeldek kargua utzi zuen.
Baina beti ez dira hain lagun izan Bush eta McCain. Etsai ere izan ziren, aurkari baino gehiago, 2000. urtean. Presidentetzarako errepublikanoen hautagaitza zuten lehian garai hartan. Zikina izan zen primarioetarako kanpaina. McCainek sasiko alaba bat zuen eta haren emazte Cindy drogazalea zen zurrumurruak sortu ziren; itxura guztien arabera, errepublikano kontserbadoreenek, Bushen aldekoek, bultzatuta. Kontuak kontu, errepublikanoek nahiago izan zuten Bush ordezkari gisa. Hark irabazi zituen primarioak, baita presidentetzarako bozak ere. McCain Senatura erretiratu eta Bushen-eta bere alderdiaren zapatako harri bilakatu zen.
2001eko maiatzean gogor kritikatu zuen presidentea, Kyoto protokoloa sinatu ez izanagatik. Bushek proposatutako lege baten kontra ere bozkatu zuen. Ekonomia dinamizatze aldera, aberatsei zergak murriztu nahi zizkien presidenteak. “Erdiko klasearen kontura milioidunei zergak gutxitzea ez da justua”. Halakoak ikusita, “McCain Alderdi Errepublikanoa uztekotan da” iragarri zuen The Washington Post-ek ekainaren 2an. Handik aurrera, Alderdi Demokratak presidenteordegai aukeratuko ote zuen hasi ziren espekulatzen hedabideak. John Kerryk 2004ko bozetarako aukera hori aztertu bazuen ere, John Edwards aukeratu zuen azkenean.
McCainen bakarkako ibilbidea eten egin da, ordea, aurten. Hautagai izateko errepublikano kontserbadoreenak alde behar zituela konturatu zenean utzi zion disidente -maverick, estatubatuarrentzat- izateari. Horri esker kendu zien hautagaitza Mike Huckabee, Rudy Giuliani eta Mitt Romney bezain eragin handiko errepublikanoei. Presidentegai gisa ere, soslairik gogorrena erakutsi du, oinarri errepublikanoak bereganatzeko. Badaki presidentetzarako gudua 72 urterekin egin zezakeen azkenetakoa -azkena- izan dela.
McCain, estilo propioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu