Mehatxu txikienak su-eten iragarpena balio gabe utziko lukeela uste dute Erkorekak eta Zapaterok

2006ko apirilaren 18a
19:38
Entzun
Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramaileak azaldu duenez, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearekin izan duen bileran biak bat etorri dira "mehatxu edo estortsio txikienak" ETAren su-eten iragarpena baliogabetuko lukeela baieztatzerakoan.

ETAren su-etenaren harira, alderdi politikoetako eta erakundeetako ordezkaritzekin Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea izaten ari den bileren txandan, Josu Erkoreka EAJk Kongresuan duen bozeramailearekin bildu da gaur arratsaldean.

Erkorekak azaldu duenez, Nafarroako enpresaburu batzuk jaso dituzten estortsio gutunak su-etena aldarrikatu aurrekoak direla ziurtatu dio Zapaterok; su-etena benetakoa dela.

Aurreikusitakoaren arabera, zabaldu den prozesu berrian EAJren "leialtasuna eta erantzukizuna" eskaintzeko asmoarekin joan da Erkoreka Moncloara. Era berean, Gobernuko iturrien arabera Zapaterok EAJ prozesuan izaten ari den jarrera "akatsgabea" eskertuko dio EAJk Kongresuan duen bozeramaileari.

Orain arte Mariano Raxoi PPko buruzagia, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria eta CiU eta ERC alderdietako buruzagiak hartu ditu Zapaterok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.