Lan eskaintzarako proposamen berria jasota, LAB sindikatuak salatu du “ezin okerragoa” izan dela Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa. “Erabaki politikotik baino gehiago izan du tempus politikotik”. Gobernuari “salerosketan” sartu izana leporatu dio, eta Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren jarrera ere “lotsagarritzat” jo du.
Euskarazko 120 lanpostu atzeratzeaz galdera egin du: “Zalantzak ditugu behar teknikoaren argumentazioa zutenek orain zein argudio emango duten”.
Zerrenda bakarra onartu ez izanarekin ere kritiko agertu da LAB. “Zerrenda bakarra ez onartzeak adierazten du eskubideen urraketaren lekukoa Hezkuntza Departamentu honek hartu duela”.
Hori ikusita, lan eskaintza berriaren aurka agertu da LAB, eta Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariaren eta lantaldearen dimisioa eskatu du, “prozesu hau bideratzeko ahalmena ez duelako erakutsi, negoziazio faltsuetan aritu delako eta kudeaketa traketsa lideratu duelako”.
Araiz: "Zerrenda bakarra gabe onartzen bada, ez du EH Bilduren babes politikoa izanen"
Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak ohartarazi du lan eskaintza publikoak ez duela koalizio subiranistaren "berme eta babes politikoa" izango "zerrenda bakarra gabe" onartuz gero: "Gobernuak argi utzi behar du sindikatuen eta gizartearen aurrean, haur eta lehen hezkuntzako 120 postu horiek, juridikoki ateratzea posible denerako, euskarazko postuetarako erreserbatuko direla".
Araizen ustez, "ulertezina" da CCOO "postuak ateratzen ez direlako pozik agertzea".