Foru aldundiek ere aurten baino diru gehiago izango dute datorren urtean gastatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak, esaterako, ia 780 milioi euroko aurrekontua izango duela iragarri du, aurten baino %2,79 gehiago. Larraitz Ugarte bozeramaileak jakinarazi duenez, «gastu publikoen eraginkortasun handiagoa» bilatuko dute, «bigarren mailako gauzetan gutxiago gastatuz, eta behar-beharrezkoak direnetan, berriz, hobeto gastatuz».
Azken horien artean sartu ditu menpekotasun moderatua dutenei (1.1 atalekoei) emango zaizkien laguntzak. Espainiako Gobernuek kendu dizkien laguntzak berriro ezarriko ditu Gipuzkoak. 5.700 lagun dira, eta 180 euro emango dizkie gertuko batek zaintzen baditu, eta 300 eurokoa norbait kontratatu badute. «Menpekotasun kontuetan ez da murrizketarik izango», aldarrikatu du Ugartek. Berez, aldundiak gastatzeko izango dituen 21 milioi gehigarrietatik 10 milioi Gizarte Politika sailera bideratuko ditu. Xehetasun gehiago etzi emango ditu, proiektua Batzar Nagusietara igortzen duenean.
Arabak, berriz, 424 milioi izango ditu gastatzeko, aurten baino bederatzi milioi gehiago. Hilaren 14an onartuko du aurrekontu proiektua. Ikusteko dago PPk noren babesa jasotzen duen kontu horiek onartzeko. Iaz EAJrena eskuratu zuen.