Soslaia

Mertzenario ospetsua

2006ko urtarrilaren 12a
09:54
Entzun
liza Katolikoko burua zena, Joan Paulo II.a, hiltzen saiatzeagatik da ezaguna Mehmet Ali Agca munduan, baina ez zen hura egin zuen ekintza armatu bakarra.

1958ko urtarrilaren 9an jaio zen, Turkiaren menpeko Kurdistanen, Malatia hiriko auzo txiro batean, familia musulman batean. Txikitan ura eta tren geltokietako ikatz hondarrak saltzen aritu zen familia laguntzeko, eta nerabezaroan kaleko bandetan jardun zuen. Geroago kontrabandista aritu zen, Turkiaren eta Bulgariaren arteko mugan. Eskuin muturreko talde turkiarrei lotu zitzaion, hala nola Otso Grisei (Aspalan Turkes koronelak sortutako Mugimendu Nazionala alderdiari lotua), eta iturri batzuen arabera, Sirian trebakuntza militarra jaso zuen bi hilabetean. Berak dio Bulgariako Gobernuak ordaindu zuela bidaia eta trebakuntza. 1970eko hamarkadaren bukaeran gatazka politiko-militarra puri-purian zegoen Turkian eta haren menpeko lurraldeetan. Batetik, komunistek iraultza armatua egin nahi zuten, eta, bestetik, eskuin muturreko taldeek, Estatuko hainbat elementuren laguntzaz, ezkerreko militanteei erasotzen zieten. Otso Grisak zeregin horretan aritu ziren; egile batzuen ustez, CIAren edo Bulgariako zerbitzu sekretuen laguntzarekin. Agcak bere burua «lerratze politikorik gabeko mertzenario» gisa deskribatu izan du, diruagatik zernahi egiteko prest zegoen ekintzailea zela esanda. Malatian delitu txikiak egin ondoren Istanbulera jo, eta agiri faltsuekin eman zuen izena Unibertsitatean. Poliziaren arabera, 1979an, Otso Grisetako buruzagien aginduz Milliet ezkerreko egunkariko zuzendari Abdi Ipekçi hil zuen, Istanbulen. Salatari bati esker atxilotu zuten, eta gutxira hilketa onartu zuen. Haatik, epaia jaso aurretik Kartal Maltepeko espetxetik (Turkiako seguruenetakoa) hanka egitea lortu zuen. Hiltzera kondenatu zuten, in absentia. Agiri faltsuekin Bulgaria, Alemania, Italia, Suitza, Espainia eta Tunezen barrena ibili zen. 1981eko maiatzaren 13an Joan Paulo II.a Eliza Katolikoaren aita santua tiroz hiltzen saiatu zen Agca, Vatikanoko San Petri plazan; zauri larriak eragin zizkion, baina gerora sendatu zen.Agca hantxe eta berehala atxilotu zuten, sakelan, armaz gain, honako mezua zeramala: Nik, Agcak, Aita Santua hil dut, munduak jakin dezan inperialismoaren milaka biktima daudela.Bizi osoko kartzelaldia ezarri zioten 1981ean. 1983an Joan Paulo II.aren bisita jaso zuen. Honek bitan barkatu zion. Hau hilzorian zela, 2005ean, haren alde «otoitz» egin zuen Agcak. 2000n Italiako Gobernuak indultua eman eta Turkiara estraditatu zuen. Istanbulen beste delitu batzuengatik egon da preso, Gobernuak amnistia partziala eman dio aste honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.