Miel A. Elustondo (2008-08-03): Biba Ataun!

2011ko urtarrilaren 28a
12:38
Entzun
Miel A. Elustondok 2008ko abuztuaren 3an Joxe Arratibeli egin zion elkarrizketan 'Biba Ataun! izenburuarekin gaineratutako idatzia:

"Fraide gaztea zelarik, mutikoak zaintzea izan zuen eginbeharretan bat Joxe Arratibelek. Lazkaoko nagusi Rufino Mujikak gogoan du oraindik. «10 bat urtekoak ginela, zaindari genuen. Zenbat aldiz, gu geldirik egoten ez eta arrosarioa errezatu behar. Eta Joxek: 'Eta txintxo portatzen bazarete, kontu zaharra kontatuko dizuet gero'. Eta gu isilik, ondoren etorriko zen Joxeren kontu zaharraren zain. Garai hartan, bestalde, artoa bastante ereiten zen Lazkaon. Eta, jakina, hura jaso eta oskola zuritu egin behar izaten da. Eta horretan ere jartzen gintuen Joxek. Gu igual hasiko ginen bata besteari oskola tiraka, eta Joxek orduan: 'Eta txintxo portatzen bazarete, kontu zaharra kontatuko dizuet gero'. Eta gu isilik, kontu zaharraren zain. Eta berdin mantzanila biltzera joaten ginenean ere, udan. Eta, horrela, egun batean bat eta hurrengoan bestea, Kontu zaarrak liburuko ipuin guztiak entzun genituen guk garai hartan... Haiek entzun zain egoten ginen! 60 urte ere joan dira ordudanik».

Garai hartan entzun zituzten Joxeren kontu zaharrak gaur Estibalizko nagusi den Bittor Mujikak, eta Estibalitzen bertan fraide kantore fin den Juan Luis Plazaolak ere. «Orduan ez zegoen ez irrati eta are gutxiago telebistarik. Udan eguna luze izaten zen eta Joxek guri kontu zaharrak kontatzen jarduten zuen».

Inork ez zuen asmatuko, ezin zezakeen asma, jolas haren barnean gorderik zegoen arima aberastasuna. Gaur egun are handiagoa da Joxek aita-ama eta hurrekoengandik jasotako ondarearen balioa. Jabier Kaltzakortak gaztigatu zigun: «Joxeren lana behar bezala baloratzea dagokigu, estimatzea».

Udaberrian aurkeztu zuten menturaz Joxe Arratibelen azkena izango den liburua, Izugarriak. Ataunen egin zen ekitaldia, herriko etxean, eta bertan adin batetik gorako herritarren omenaldi beroa jaso zuen Joxek. Hitz bakan batzuk egin eta «Biba Ataun!» esaten asmatu zuen.

Harako Kepa Enbeitak legez, neuk ere «Biba!» dirautsat...".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.