AMORRUA ETA GAITZESPENA ADIERAZTEN DUGU!
Adierazpen hau sinatzen dugunok, Abiadura Handiko Trenaren aurkako iritzia duten hainbat indar politiko eta erakunde sozial nahiz pertsona biltzen dituen AHT GELDITU! Elkarlaneko kideak izanik, gure gaitzespena adierazi nahi dugu Inaxio Uria enpresariaren erahilketa dela eta. Uste dugu atentatu honen ondorioz AHTren kontrako herri mugimenduan borroka moldeei buruzko gogoeta sakona abiatu behar dela.
Inaxio Uria enpresaburuaren hilketak amorrua eragin digu eta ETAk auzi honetan eskuhartzea gaitzesten dugu. AHTren aurkako mugimenduaren oinarriak mobilizazioa, erresistentzia eta desobedientzia zibila direla nabarmentzen dugu. Zinez uste dugu AHT geraraztea eta eztabaida sustatzea gizarte mugimendutik sortzeko gai izando garen dinamika herrikoiak eragingo duela, eta ez erakunde armatu batek hartu duen ustezko berme rolak. ETAri gatazka ekologiko eta sozial honetan eskuhartzeari bertan behera uzteko eskatzen diogu.
Biolentziaren erabilera, dialektika geroz eta gogorrago batean abiatu eta indarkeriaren kontundentzia bestelako balorazio etiko eta politikoen gainetik nagusitzen denean, ikuspegi moral eta politikotik zentzugabea bihurtzen dela uste dugu. Hori da Euskal Herrian ETAren jarduerarekin eta gure herria astintzen duten amairarik gabeko indarkeria ezberdinekin (Estatuen indarkeria barne) gertatzen ari dena.
Aldi berean, gogoeta eskatzen diegu agintari politikoei, egungo egoerara nola iritsi garen hausnartzeko eta atentatu hau AHTren aurkako herri mugimendua kriminalizatzeko erabili ez dezaten, ezta jendartean desadostasun zabala sortu duen AHTren egitasmoaren inposaketari ETAren aurkako borrokaren izenean eusteko ere. Izan ere, egoera tamalgarri hau AHTren aurkako oposizio sozialari zilegitasuna kentzeko eta ingurugiroan, ekonomian eta gizarte arloan hainbeste kalte eragingo lituzkeen egitasmo horren aldeko jarrera itsua suspertzeko baliatu nahi dutenen jokabidea errefusatu behar dugu.
AHTren aurkako mugimenduak bere ideiak era irekian plazaratzen eta defendatzen segituko du, sarritan nozitu ohi dugun zerko informatiboa eta AHTren bultzatzaileek (Espainiako gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, etekinak ateratzen dituzten indar ekonomikoek) ezarritako zailtasun guztiak gaindituz. Gure armak arrazoian etakonbikzioen indarrean datzate, milaka herritarrek AHT gelditzeko aldarrikapenarekiko agertu duten atxikimenduan bezalaxe.
Mikel Alvarez (AHTren Aurkako Asanbladako kidea)
Iñaki Barcena (EHUko irakaslea eta Ekologistak Martxan-eko kidea)
Joxe Iriarte ‘Bikila’ (idazlea eta Zutik-eko kidea)
Rosa Lago (EHUko eta Ekologistak Martxan-eko kidea)
Iñaki Antigüedad (EHUko irakaslea)
Mikel Alvarez, Iñaki Barcena, Joxe Iriarte 'Bikila', Rosa Lago eta Iñaki Antigüedaden gutuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu