Mobilizazioak eta lanuzteak Berruetaren eta Sanchizen heriotzak salatzeko

2004ko martxoaren 16a
18:36
Entzun
Ehunka lagunek hartu dute parte ezker abertzaleak eta LAB sindikatuak deituta Kontxi Sanchizen eta Angel Berruetaren heriotzak salatzeko mobilizazio eta 15 minutuko lanuzteetan. Euskal Herrian zehar hainbat eta hainbat saltoki itxita izan dira gaur 12:00etatik 12:15etara.

Gaur, LAB sindikatuak deituta, 12:00etatik 12:15etara lanuztea egin dute Hernaniko Udaleko langileek eta Elziago, Lastaola eta Ibarluze poligonoetakoek.

Iruñean Angel Berruetaren auzoan, Donibanen, greba eguna izan da gaur. Sarasate Pasealekuan ere bildu dira Berrueta eta Sanchizen heriotzak salatzeko, eta Volkswagen eta ISN enpresetan ere lanuzteak egin dituzte bertako langileek. Nafarroako Unibertsitate Publikoko 500 ikasle eta langileek 15 minutuko elkarretaratzea egin dute eta ondoren manifestazioa egin dute Iruñean (errepide mozketa bat ere egin da bertan).Donibane eta Iruñean egin diren mobilizazioak bortizki sakabanatu ditu Espainiako Poliziak.

Donostian ere Igara auzoko enpresek eta Banco Guipuzcoanoko langileek LABen deialdiari erantzun diote eta Askatasunaren Hiribidean dagoen Banco Guipuzcoanoko egoitzan elkarretaratzea eta manifestazioa egin da. Ibaetako Kanpusean ere greba egin dute ikasleek eta ertzainek kartelak jartzen ari ziren bi ikasle jipoitu dituztela salatu dute.

Gipuzkoa osoan zehar hainbat eta hainbat izan dira lanuzteak eginez LABek egindako deialdiari erantzun dioten enpresak; besteak beste, Tolosaldea eta Goierri inguruko Kalparsoro, Etxezarreta, Uranga eta Salvadora paper- fabrikak; Gorostidi, Voith, SAM, Emusi, Echesa, BOST, Unipapel, Jaso, Guerra Hnos. eta CAFek; Oarsoaldeako Sespa, Niessen enpresek, Pasaiko portuko agintaritza; Eibar inguruko Alfa, ACB, Etxetar, Cometel, Spool, FER, Carmelo Mendizabal, SAPA, Pascual Txurruka, Urrestarazu, Seprove, Motric eta Txintxurreta enpresak; eta Bergara, Arrasate eta Billabonako Udalak.

Araban, Gasteizen elkarretaratzea egin dute langileek Ama Birgina Zurian eta Laudioko Udalak eta Tubacex enpresak ere lanuztea egin dute eguerdian.

Bilbon ere Plaza Biribilean bildu dira elkarretaratzean eta Bizkaiko Diputazioan, Bilboko Udalean, BBKn, Jaurlaritzan, Telefonican eta hainbat ospitaletan ere elkarretaratzeak egin dituzte Berrueta eta Sanchizen heriotzak salatzeko. Basauri, Durango eta Galdakaoko Udalek ez ezik, hainbat enpresek ere lanuztea egin dute gaur.

Arratsaldean Kontxi Sanchizen hileta elizkizunak egingo dira Hernanin, eta ondoren manifestazioa egingo da. Era berean, 20:00etan Euskal Herriko herrietan eta hiriburuetan (Maule, Donibane Garazi eta Baionan izan ezik, arratsaldeko 19:00etarako deituak daudela), Errepresioa gelditu. Konponbidea. Askatasun demokratikoa orain!!! lelopean. ere mobilizatzeko deialdia luzatu du ezker abertzaleak, bi heriotza hauek salatzeko.

Bestalde, Etxerat-ek eta Gurasoek Gasteizko Legebiltzarraren aurrean kontzentrazioa egin dute 11:30etan, heriotzok eta egunotan Espainian eta Frantzian preso daudenek bizi izan dituzten erasoak salatzeko, Kriminalizazio hiltzailerik ez! Angel gogoan zaitugu lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.