Autodefentsa feminista da Bilgune Feministak aurten martxan jarri dituen hainbat ekimenen ardatza. Tailerrak antolatu dituzte gai horren inguruan, ikastaroak, eta beste hainbat ekimen klase. Joana Aurrekoetxeak (1987, Donostia), esate baterako, Donostian martxan dagoen autodefentsa txokoan dihardu. «Indarkeriaren erroetara» joatea dute helburu espazio horietan. Aurre egiteko. Txokoan, emozioak partekatzen dituzte. «Beldurra, adibidez». Gorputzaren kontzientzia hartzen dute, eta elkar ezagutzeko foro bat irekitzen dute. «Sozializatuz zer den». Autodefentsa, sarri, defentsa pertsonalarekin lotzen da, borroka arteekin. Harago egiten dute. «Emozioak lantzea da, egunerokotasunean bizi ditugun oztopoen lantzea».
Teknika fisiko zenbait lantzen dituzte, baina xedea sakonagoa da: «Munduan egoteko beste modu bat lantzea». Joana Aurrekoetxea jarrera aldaketaz mintzo da: «Txikitatik inposatu zaizkigun rol horiez jabetzean datza, eta jarrera aldaketa bat izatea. Geure burua eraldatzeko posizio batean ere baieztatzen dugu; esaten duzu hemendik aurrera ez duzula halako edo bestelako onartuko».
Txoko bakoitzaren funtzionamendua, hala ere, aldatu egiten dute taldearen arabera. Partaideen nahien arabera moldatzen dute. «Gu aurten, adibidez, Donostian igandeetan ari gara biltzen, hilean behin elkartzen gara, goiz eta arratsalde, ordu batzuk; elkarrekin bazkaldu, eta beste ordu batzuk egiten ditugu». Gustura dabiltza. Indarkeria sexistari buruz gogoeta egiten dute, eta esperientziak partekatzen dituzte. «Beldurraren lantzea, esaterako, jolas batzuen bitartez egiten dugu», azaldu du. «Buruestimua lantzea ere oso garrantzitsua da». Ariketa fisikoan oinarritutako saioak eginda, hori agerian uzten saiatzen dira, kalera ateratzen. Emakume gisara, ohiko roletik harago agertu nahi dute. Ausart. Independente. Elkar zaintzeko gai.
«Txikitatik ez zaigu erakutsi oldarkor izaten, eta gakoa da dinamika batzuen bidez jakitea gu ere izan gaitezkeela, eta zenbateraino izan dakigukeen egokia egoera batzuetan». Zenbait atakatan, amorrua eta haserrea adierazten ikastea ezinbestekoa dela diote. Era berean, giltzarri deritzote beldurra kontrolatzen ikasteari. «Beldurra askotan izan daiteke positiboa, lagun dezake prebenitzen, baina normalean izuaren forma hartzen du». Beldurra amorru bihurtzen saiatzen dira, erantzun bat emateko bide. «Helburua da beldurraren kontziente izatea eta positiboki erabiltzea, aurre egiteko, bilakatzeko zerbait positiboagoa, erantzuna emateko klabe horietan».
Indarkeria sexista aski eremu zabala dela agerian uzten dute, ageriko bortizkeriatik harago doala ohartaraziz. «Hedabideek erakusten dutena erailketak edo bortxaketak izaten dira». Indarkeria zantzu «sotilagoei» ere leku egiten diete, ordea, txokoetan. «Etxean, alaba modura bizi ditugunak, edo parrandetan agertzen direnak. Edo, esaterako, aztertzen dugu nola sartzen diguten txikitandik beldurra emakume izateagatik, edo beste hainbat bereizkeria egoera....».
Zailtasunak ere badituzte txokoak eratzeko. «Bizi erritmo honetan, gelditzea eta egun oso bat horretarako hartzea...». Izandako esperientziekin oso pozik daude, ordea. «Deskubritzen dira orain arte agertzen ez ziren aldeak».Esperientzia eta adin ezberdineko emakumeak harremanetan jartzeko ere egokia dela diote. Donostiako txokoan, esaterako, 10-20 artean elkartzen dira. Ikasturte osoan jarraitzeko asmoa dute, eta Bilbon, Zarautzen, Azpeitian (Gipuzkoa) eta Durangon (Bizkaia) ere taldeak antolatuta daude. «Bakoitzak ahal duen neurrian».
Autodefentsa txokoak antolatzea erraza ez denez, tailerrak ere eskaintzen dituzte, ikastaro modukoak. «Lau ordukoak, hainbat herritan egiten dira. Bi ataletan zatitzen ditugu; teorikoa aurrena, espazio bat sortuz bertan dauden emakumeek hitz egiteko gaiaz; bigarren partea izaten da gehiago fisikoa lantzea; teknika batzuk aztertzea, oldarkortasuna lantzea... Herri bakoitzean, bertako asmo eta nahien arabera lantzen dute».
«Munduan egoteko beste modu bat»
Bilgune Feministak autodefentsaren inguruan ekimen ugari jarri ditu martxan aurten; autodefentsa txokoak antolatu ditu, ariketa fisikoez harago, egoteko eta jarduteko jarrera aldaketa bat sustatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu