NaBaik Gobernua eta udalak batera negoziatu nahi ditu PSNrekin

2007ko maiatzaren 29a
15:35
Entzun
Patxi Zabaleta Nafarroa Bai koalizioaren lehendakarigaiak esan duenez, ez dute asmorik PSNrekin Nafarroako Gobenuaz soilik negoziatzeko eta negoziazio horretan udalak beste alde batetik tratatzeko, edo hortik kanpo uzteko. "Gobernuak eta udalek lotura dute, eta planteamenduak orokorra izan behar du", esan du Zabaletak gaur goizean, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin egin dizkioten elkarrrizketan.

Izan ere, haren ustez, kontuan hartu behar dira batez ere Iruñea eta ondoko herrietako biztanleria kopuruak. "Nafarroako biztanleriaren bostetik hiru eta erdi Iruñerrian bizi dira, herrialdeko dinamika politikoa eta ekonomikoa bertan dago eta, beraz, lotura dute Gobernuarekin. Guk, gobernagarritasunera begira egin nahi dugu akordio orokorra; bestela, arazoak sortuko lirateke".

NaBaikoek Gobernu "aurrerakoia" sortu nahi dute PSNrekin eta IUrekin, "baina NaBai hauteskundeetan bigarren geratzea ez da baldintza izango horretarako", Zabaletak esan duenez. Haren iritziz, PSNren hautesleak "aldaketaren alde" daude, "inkestek ere hori erakutsi dutelako". Iruñeko Udalera begira, aitortu du EAE-ANV izango dela "giltza" bere bi zinegotzirekin (UPNk 13 ditu, eta NaBaik 8 eta PSN 4).

"Raxoiren proposamenak ez du balio Gobernurako"

Atzo Mariano Raxoi Espainiako PPren presidenteak esan zuen hautagaitzarik bozkatuena errespetatu egin behar dela eta honek izan behar duela tokian-tokian gobernua eratzeko ardura. Bere proposamena "Espainia osorako" dela azpimarratu zuen Raxoik; esaterako, Kanariar Irletarako -PSOEk irabazi ditu bozak- eta Nafarroarako. Zabaletak adierazi du, ordea, proposamen horrek udaletarako balio dezakeela, "baina ez Nafarroako Gobernurako, hemen, udaletan ez bezala, presidentea hautatzeko gehiengo osoa behar delako. Raxoiren proposamenari jarraiki, PSNk UPNren aldeko bozka eman beharko luke". NaBaiko lehendakarigaiak ez du uste hala gertatuko denik, "PSNri orain CDNri gertatu zaiona gertatuko litzaiokeelako; hau da, gaur dagoeneko ia ez da ezer CDN".

NaBaik 77.000 bozka erdietsi ditu Nafarroako Legebiltzarrerako hauteskundeetan, "baina ez du goia jo", Zabaletak esan duenez. "UPNri lehen postua lehiatzen hasi behar dugula pentsatu behar dugu, hori diote igandeko emaitzek. Gainera, hala erakusten du Nafarroako soziologiak".

EAE-ANVk udal hauteskundeetan 191.000 bozka bildu zituen igandean, eta Pernando Barrena Batasuneko kideak esan du bozka horiek "gakoa" izan direla prozesu politikoari begira. Zabaletari "hutsegitea" iruditu zaio hori esatea. "Batetik, EAE-ANVren bozkak hor daude eta, beste alderdi denenak bezala, errespetua merezi dute. Baina bakegintza eta normalizazio politikoa ez bereiztea hutsegitea dela iruditzen zait".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.