ERREAKZIOAK

Nafarroako Gobernua ez dator bat politikaren "judizializazioarekin"

2016ko abuztuaren 25a
11:17
Entzun

Erreakzio soka luzea eragin du Hauteskunde Batzordearen erabakiak. Die Linke Alemaniako ezkerreko alderdia izan da hitz egiten azkena; gaitzetsi egin ditu "Espainiako fiskal nagusiaren eta PPren gobernuaren mehatxuak", eta nabarmendu du Otegi "giltzarri" izan dela baketze prozesuan: "Ahalegin handia egin zuen euskal gatazkaren konponbide baketsurako". Inhabilitazioa "prozesu horren aurkako erasoa" litzateke, eta "zalantzan jarriko luke euskal hauteskundeen izaera askea".

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakari eta EAJren lehendakarigaiak gogorarazi du ezker abertzaleak bazuela Otegiren hautagaitzaren "egoeraren" berri, eta erantsi orain ebazpenen zain egotea besterik ezin dela egin. Haren esanetan, ezker abertzaleak "aukeratu zuen helegitea ez aurkeztea aukera izan zuenean, gainerako guztia sobera dago". Urkulluk esan zuen "biktimismoa sobera" dagoela ezker abertzalean, eta adierazpen horiek zehaztu ditu Efe agentziari eginiko elkarrizketan: "Inor mintzeko asmorik gabe" esan zuen hori.

Nafarroako Gobernua ez dator bat "bizitza politikoaren judizializazioarekin", Kultura kontseilari Ana Herrerak esan duenez. Hala ere, erabaki judizialei "erabateko errespetua" adierazi die.

Nagua Alba Ahal Dugu-ko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusiaren arabera, euskal gizarteari dagokio erabakitzea "Otegi Eusko Legebiltzarrean esertzen den edo ez", eta, beraz, Otegik hauteskundeetan parte hartzeko aukera izatearen alde agertu da.

PSEk, ordea, azpimarratu du ez duela onartuko hauteskunde kanpaina "Otegiren, kontsultaren edo Espainiarekiko borrokaren" inguruan aritzea.

PPko Antolakuntza idazkariorde Fernando Martinez-Maillo, bestalde, pozik azaldu da Hauteskunde Batzordearen erabakiarekin. "Oso albiste ona" iruditu zaio "inhabilitatua dagoen pertsona bat, kasu honetan terrorista bat, hauteskundeetara ezin aurkeztea". Gainera, uste du "Zuzenbide Estatuak, justiziak eta biktimen duintasunak irabazi" dutela.

Nicolas de Miguel Ciudadanoseko lehendakarigaiak ere ontzat jo du Gipuzkoako Hauteskunde Batzordearen erabakia: "Euskal gizarteak ez du merezi Otegiren eta enparauen lotsagabekeria".

Albistearen berri izan aurretik, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi du Otegik ez zuela "epaitua eta zigortua" izan behar eta, beraz, "herritar gisa dagozkion eskubide guztiak" izan beharko lituzkeela; "noski, baita kargu publikorako aurkezteko eskubidea ere".

Albistea sare sozialetan barreiatu eta berehala heldu zaizkio Otegiri babes mezuak. Kataluniatik CUPek, Galiziatik BNGk eta Gaztelatik Izquierda Castellanak salatu egin dute Otegiri ezarritako debekua. "Betoa" salatu du Izquierda Castellanak, eta "apartheid politikoa" eteteko eskatu du CUPek. BNGk, berriz, nabarmendu du Otegiren parte hartzea galaraztea "demokrazia ukatzea" dela:

Espainiako zenbait politikarik ere hizpide izan dute Otegiren inhabilitazioa: Alberto Garzon IUko buruak kritikatu egin du Otegiri aurkeztea galaraztea, iritzita ez dituela halakoak egiten "bere burua demokratikotzat duen herrialde batek". Nagua Alba alderdikidearen ildotik mintzatu da Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia: euskal herritarrei dagokie erabakitzea nork ordezkatzen dituen parlamentuan. Albiste txarra, baieztatuz gero".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.