Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako prozesua abiatzeko "ez dago oinarri, argi, zehatz eta behar bezain sendorik", IUN-NEB, Aralar, EA eta EAJko legebiltzarkideen ustez. UPN, PSN eta CDN alderdiek baina ez dute gauza bera uste. Horrenbesteaz, azken hiruen aurkako botoekin Nafarroako Parlamentua atzera bota du 'Egunkaria auzia'-ren aurkako mozioa.
"Kausa artxibatzea, eta ondorioz baita prozesua bera ere, bultzada politikoek eraginda sekula gertatu behar ez zuen prozesu judizial bat zuzentzen lagunduko lukeen erabaki judiziala izango litzateke", ziurtatzen du mozioak. Nafarroako Parlamentuak, baina, ez du onartu.
Aitzitik, mozioaren puntu batek prentsa eta iritzi askatasuna defendatzen du eta PSNk izan ezik –abstenitu egin da– gainerako alderdiek babestu egin dute. Adierazpen eta iritzi askatasuna "giza eskubidee guztien errespetuan oinarritzen den oinarrizko eskubidea" dela azpimarratuz.
Mozioaren alde agertu diren alderdiek hainbat arrazoi agertu dituzte. IUN-NEBko Felix Tabernak adierazpen askatasuna defendatu du bere hitzaldian. Aralarreko Patxi Telletxearen hitzetan, berriz, "ez du zentzurik Egunkariaren aurkako prozesua abiatzeak". Miorga Ramirez EAko parlamentariak azaldu duenez, prozesuaren jarria Aznarren garaikoa da: "Aznarren garai beltzenetik eratorritako prozesua da eta garai hartako oinarrizko eskubide zibilen murrizketa konpontzeko dago oraindik". Bestalde, EAJko Jose Luis Etxegaraik uste duenez, " ez dago oinarri sedorik kaltetuak inkriminatzeko eta are gutxiago egunerokoa ixteko".
Aurkakoek, berriz, ez dute berdin pentsatzen. Guztiek, PSNk izan ezik, adierazpen askatasuna defendatu badute ere, iritzi ezberdinak agertu dituzte. UPNko Pedro Ezak azaldu duenez, bere alderdiak ez du uste "Gobernua eta epaileak iritzi edo prentsa askatasuna mugatzen ari direnik". Fernando Puras sozialisten bozeramaileak adierazpen askatasuna "sistema demokratikoaren oinarria" dela berretsi badu ere, adierazpen askatasun horrek mugak dituela azaldu du. Muga horien artean garrantzitsuena honakoa izango litzateke: "Sistema demokratikoa bera zalantzan jartzeko ez erabiltzea". Azkenik, CDNko Juan Cruz Alliren adierazi duenez, ez daki Egunkaria auzian auzipetutako pertsonak auzipetzeko "oinarri sendoak" existitzen diren ala ez.
'Egunkaria auzia'
Nafarroako Parlamentuak atzera bota du 'Egunkaria auzia'-ren aurkako mozioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu