Nagore Laffageren hilketa salatzeko ehundaka lagunek elkarretaratzea egin dute Iruñean

2008ko azaroaren 22a
17:49
Entzun
Nagore Laffage alabaren oroitzapenean elkarretaratzeko deia egin zuen ostegunean Asun Casasolak gaurko Iruñerako, eta ehundaka lagun bildu dira. Vinculo plazan egin dute ekimena, Zure hutsuneagatik lelopean.

Bertan izan dira Nagore zenaren aita, ama, anaia eta amona, baita Nafarroako Parlamentuko talde politikoetako ordezkariak ere. Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea ere izan da -Irungoa zen Nagore Laffage-. Denei laguntza eskatu die Casasolak, eta hilero egin nahi du elkarretaratzea -batean Irunen eta hurrena Iruñean-.

Uztailaren 7an Iruñean hil zuten Laffage, ustez gizonezko batek -preso dago harrezkero-, eta haren amak herritarrei "matxinatzeko" deia egin die, "Nagore, ezetz esatearekin batera, hiltzailearen aurrean matxinatu zen bezala". "Egia, justizia eta memoria" eskatuz dabil hildakoaren sendia.

Casasolak indarkeriarekin oraindik lotura hautsi ez duten emakumeei elkartasuna helarazi die: "Beldurra harresi bat da, eta etxe asko hesitutako etxeak dira. Denon artean harresi hori matxismoaren aurka eusteko horma bihurtu behar dugu. Izan ere, matxismo horrek ez-existentziara murrizten ditu emakumeak".

Nagore Laffageren jaioterrian -Irunen (Gipuzkoa)-, hainbat ekitaldi antolatu dituzte hilaren 25erako. Besteak beste, Donibane plazan elkarretaratzera deitu dute, 19:00etan, Emakumearen aurkako indarkeria gehiagorik ez lemapean.

Ezker abertzalearen eskaera

Ezker abertzaleak emakumeen aurkako indarkeria salatu du gaur egindako agerraldian, eta hori saihesteko neurriak eskatu ditu. Horretaz gain, ordea, "sistema patriarkal hau aldatu" beharra dagoela ikusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.