Politikoen solasaldia

Nazio Eztabaidaguneak ekarpenak egin ditzakeela uste dute EAJ, EA, Batasuna eta EB-IUko ordezkariek, "baldin eta irekitasunez jokatzen bada"

2003ko azaroaren 28a
17:09
Entzun
Nazio Eztabaidaguneak batzar irekia egingo du bihar Leioan (Bizkaia), eta horren haritik, eztabaidarako ekimen hori izan dute hizpide Euskadi Irratiko ostiral goizetako politikarien solasaldian. EAJko Markel Olanok, EAko Sabin Intxaurragak, Batasunako Pernando Barrenak eta EB-IUko Mikel Aranak, ñabardurak ñabardura, ekarpenak egiteko gaitasuna ikusten diote ekimen horri, "baldin eta irekitasunez jokatzen bada".

EAko Sabin Intxaurragak "epe laburrean" Euskal Herriarentzat guztiz onak diren emaitzak eskaintzeko gaitasuna ikusten dio Nazio Eztabaidaguneari. Dena den, zehaztu du horretarako Nazio Eztabaidaguneak "irekitasunez" jokatu behar duela; hain zuzen, horixe da ekimen horrek porrot egiteko ikusten duen arriskurik handiena: eztabaidagune hori norbaitzuk monopolizatzea. "Ekimena nondik sortzen den ikusita monopolizatzeko arriskua dago, eta hori litzateke txarrena. Arrisku hori saihesten bada, epe laburrean ikusiko dira emaitzak", adierazi du.

Halaber,arrakastarik izatekotan, irekitasunez ez ezik, politikagintzari eta bide zibilari lehentasun osoa emanez jokatu behar duela Nazio Eztabaidaguneak iritzio dio Intxaurragak, eta, batik bat, "planteamendu errealistak" eginez. "Zuhur jokatu behar da, errealismoan kokatuta, eta, ondorioz, Euskal Herriko lurralde diferenteetako dinamikak errespetatu behar dira", zehaztu du.

Batasunako Pernando Barrena bat etorri da Intxaurragarekin, bai Nazio Eztabaidagunearen garrantzia azpimarratzean, bai haren ezaugarrietako bat irekitasuna izan behar dela iriztean. Nolanahi ere, Nazio Eztabaidagunea ekimen irekia dela frogatzen ari dela esan du: "Horren adibide da biharko eztaibada, guztiz irekia baita, eta nahi duen guztiak izango baitu ekarpenak egiteko aukera". Era berean, Intxaurragari arrazoia eman dio lurralde bakoitzaren dinamiken inguruko auzian. Barrenak agertu duenez, argi dago Euskal Autonomi Erkidegoak, Nafarroak zein Ipar Euskal Herriak errealitate diferenteak dituztela abertzaletasunari eta nazioa eraikitzeko borondateari dagokionez. Dena den, errealitate bakoitza aintzat hartu eta erritmo diferenteak errespetatu arren, Euskal Herri osoa kontuan izango duen estrategia politiko bat behar da etorkizunera begira lurralde bakoitzaren dinamikak bideratzeko. "Hain justu, hori da Nazio Eztabaidagunearen ekarpen handienetako bat, estrategia oso bat, herri gisako estrategia bat bideratzea", adierazi du.

EB-IUko Mikel Aranaren iduriko, Nazio Eztabaidagunea debaterako bide bat den heinean ekimen interesgarria da, baina akatsak ere ikusten dizkio: zehazki, abertzaleen bilgune eta elkarlanerako ekimen gisa dagoela planteatuta, eta abertzale ez direnak "baztertu" egiten dituela. "Lizarra-Garazi ekimeneko zenbait ezaugarri ikusten dira horretan, baina txarrenak hartu dituzte: hain zuzen ere, abertzaleen elkarlanari ematen diolako lehentasuna", esan du. Era berean, Nazio Eztabaidaguneak baliagarri izatekotan, arlo horretan irekitasunez jokatzeaz gain, indarkeriaren inguruko jarrera argi bat hartu beharko lukeela uste du Aranak. "Ikusten diot arriskua ETAren indarkeriaren inguruan abstrakzio bat egiteko. Horrek ez du balio. Ni prest nago onartzeko ETAren indarkeriaz ez ezik beste indarkeria guztiez hitzegin behar dela, baina haien inguruko jarrera argi bat hartu behar da, bestela bide motza izango du". Dena den, zalantza horiek zalantza, "ekimen positiboa" dela nabarmendu du.

PSE-EEko Ramon Etxezarretak, berriz, argi adierazi du on gutxi ikusten diola Nazio Eztabaidaguneari. Etxezarretaren arabera, "nazionalismoa batzea" da eztabaida foro horren xedea, eta bera horretatik guztiz kanpo sentitzen da. "Eztabaidagunearen helburua nazionalismoa nork lideratuko duen erabakitzea eta nazionalismoa batzea da. Ni ez nago horretan", esan du.

Argudio hori dela eta, abertzaleen arteko elkarlana zilegi eta beharrezko dela erantzun dio EAJko Markel Olanok Etxezarretari. "Herri honetako arazoak konpontzeko abertzaleen batasuna ez da nahikoa, eta horretara mugatzea Lizarrako hutsak errepikatzea litzateke. Hala ere, abertzaleak batzea ez da txarra, ezinbestekoa baizik. Espaniaren proiektua eginda dago, eta ezinbestean, abertzaleek proiektu alternatibo bat egin behar dute. Egungo blokeo egoeran ezinbestekoa da", azaldu du. Nazio Eztabaidaguneak bide politiko eta demokratikoen aldeko apostua egiten badu, "ona" izango dela azpimarratu du Olanok.

Nazio Eztabaidagunea ez ezik, Ipar Irlandako prozesua ere izan dute hizpide solasaldian. Hangoa Euskal Herriarekin parekatuz, baldin eta bake prozesu baten mesederako balitz, EAJk ezker abertzalearen mesedetan botoak "pozik" galduko lituzkeela adierazi du Markel Olano EBBko kideak. Olanoren iduriko, ETAk su-etena hautsi zuenean ezker abertzaleak ez zuen jakin bide politiko hutsen aldeko apostua egiten, eta horren ondorioz galdu zituen boto asko. Boto horiek EAJ eta EAren koaliziora joan zirela onartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.