Kuwait, Arabiar Emirerri Batuak eta Saudi Arabia dira Egipto diruz lagunduko duten herrialdeak. Albistea ematen azkena izan da Kuwait. Egiptori 4.000 milioi dolarreko larrialdizko laguntza ematea erabaki du Kuwaitek: krisi politikoaren erdian, dituen zailtasun ekonomikoei aurre egiteko helburuarekin hartu du erabakia. Hala, hirugarren herrialdea da Kuwait Egiptori ekonomikoki laguntzea erabaki duena. Izan ere, atzo gauza bera erabaki zutela adierazi zuten Arabiar Emirerri Batuek eta Saudi Arabiak.
Kuwaiteko Mohamed Abdala al-Sabah gobernu kontuetarako estatu ministroak jakinarazi du albistea. Hiru zatitan banatuko du Kuwaitek Egiptori emango dion laguntza ekonomikoa: 2.000 milioi dolarreko gordailua emango dio banku zentralari, 1.000 milioiko mailegua eta beste 1.000 milioiko mailegu bat energia-produktuetara bideratzeko (petrolioa, kasu).
Al-Sabahek adierazi duenez, Sabah Admad Sabah emirra izan zen gobernuak Egiptori 4.000 milioi dolarreko laguntza ematea agindu zuena, eta hala, ministroen kontseiluan neurria onartu zuten. Al-Sabahek itxaropena du Egiptok oztopoak gainditzen jakingo duela, batasun nazionala mantendu, segurtasuna eta egonkortasuna babestu eta, berriz ere, nazioartean zein eskualdean zuen paper garrantzitsua berreskuratuko duela.
Kuwaiten aurretik, Arabiar Emirerri Batuak eta Saudi Arabia izan ziren Egiptori laguntza ekonomikoa eskaini ziotenak. Saudi Arabiak, adibidez, 5.000 milioi dolarreko laguntza emango dio: 2.000 milioiko gordailua banku zentralari, 1.000 milioiko donazioa eta beste 2.000 milioi energia produktuetan (petrolioa eta gasa). Arabiar Emirerri Batuek, berriz, 1.000 milioiko donazioa eta interesik gabeko 2.000 milioi dolarreko mailegua luzatu dio Egiptori.