Nervacero enpresa siderurgikoak badu lan-hitzarmena

2013ko uztailaren 8a
19:08
Entzun

300 langileri eragiten dien lan-hitzarmena sinatu dute gaur Nervaceroko (Trapagaran, Bizkaia) enpresa batzordeak eta zuzendaritzak. Gaur sinatu dute hitzarmena, hain justu, lan itunen mugagabeko ultraaktibitatearen itunak baliorik gabe gelditu diren egunean.

Lan-hitzarmena sindikatu guztiek sinatu dute (ELA, LAB, UGT eta CCOO), eta langileen asanbladak berretsi du, enpresak baieztatu duenez. 2016ra bitartean egongo da hitzarmena indarrean, iazko udan adostutako bideragarritasun plana iraungiko den urte berean. Gatazkei irtenbideak bilatzeko mekanismoak zehaztu ditu lan-hitzarmen berriak: hala nola, enpresariak hitzarmenetik ateraz gero zer egin edo nola konpondu zehazten du.

Soldatei dagokienez, 2012ko udan onartutako bideragarritasun planari jarraitu diotela adierazi du enpresak: akordio horrek, langileen soldataren %20 enpresaren produktibitateari lotu zuen, baita 48 langileren kaleratzea ere. Horrez gain, 2013 eta 2014 urteetako soldatak izoztu zituen akordio horrek, eta hurrengo bi urteetako soldatak KPIren azpitik haziko zela zehaztu zuen.

Nervacero enpresako zuzendaritzak "albiste oso ona" dela uste du, eta hori lortzeko bidea "elkarrizketa eta negoziaketa" izan direla azaldu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.