Zigorra bai, gogorra, baina kirol arloko zigorra
Nire txokoa
Mikel Astarloza Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
Ez zait gustatzen kirol arloaz kanpoko gauzez hitz egitea, eta horrelakoak gertatzen direnean beste alde batera begiratu eta irakurleei beste zerbait kontatzen saiatzen naiz. Baina oraingoan ezinezkoa dela uste dut. Ezin ditugu begiak itxi, eta behartuta nago nire iritzia ematera.
Hirugarren positiboa izan da aurtengo Tourrean, eta izugarrizko zalaparta sortu du. Riccok ikuskizuna eman du, etapak irabazi ditu, eta horregatik sortu da are zalaparta handiagoa. Orain arte saiatu gara gure lana egiten eta kontu horiek alde batera uzten, baina kasu honetan ezinezkoa izan da. Irteeran polizia pila bat ikusi dugu, bertan atxilotu behar baitzuten Ricco. Une zailak izan dira. Zuek horrelako gorputzarekin geratu bazarete, pentsa gu nola geratu garen! Atzo arte gure inguruan ikusten genituenak gaur jada ez ditugu ikusten.
Baina guk, azken finean, prentsan irakurtzen duguna besterik ez dakigu. Atxilotu dituztela, espetxera joateko aukera daukatela... Tropelean argi dago kontrolak dopinari aurre egiteko daudela eta gainditzen ez dituenak etxera joan behar duela. Argi eta garbi. Tropelean sentimendu hori dago. Eta, noski, tropela, hoztasunean, kontrol horien alde dago, inork inolako abantailarik ez izateko.
Baina gaizki iruditzen zaigu atxilotzea, espetxera joateko arriskua izatea... Argi dago kirol arloan zigor handia jaso behar dutela, hori delako legea. Legea hausten duenak zigorra jaso behar du. Baina oso gogorra da gertatzen ari dena. Leku askotan irakurri dut zenbat gaizkile dabiltzan kalean, zenbat droga saltzaile dabiltzan batera eta bestera... Baina poliziek ez dute ezer egiten. Kirolari batek iruzur egin duelako edo egin nahi izan duelako atxilotzea oso gauza ikusgarria da. Esplikaezina. Nik, behintzat, ez dut ulertzen. Azken finean, Ricco, sozialki, ez da inongo gaizkilea. Tropelean, bai, kirol munduan gaizkilea izango da, eta horregatik jaso behar du zigorra. Kirol arloko zigorra. Ez dakit urtebetekoa izan behar duen, bost urtekoa izan behar duen edo betirako kendu behar dioten bizikletan ibiltzeko aukera. Baina hortik aurrera ezin da jarraitu. Beste alde batera ezin dudanez begiratu, hori da nire iritzia.
Nire Txokoa. Mikel Astarloza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu