Komunikabideen arloko euskal adituek ere hartu dute parte gaurko jardunaldietan, hiru irakaslek: Aitor Zuberogoitiak (Mondragon Unibertsitatea), Jon Muñoak (Deustuko Unibertsitatea) eta Jose Ignacio Armentiak (EHU). Nola egokitu eskaintza XXI. mende hasierako errealitate eta beharretara? izenpean mahai-ingurua egin dute -moderatzaile, Lorea Agirre kazetari eta unibertsitateko irakaslea-. Honatx laburpena:
Aitor Zuberogoitia. "Internet aipatzen da, eta hala da, gaurko gazteek apenas irakurtzen dutelako papera, baina aurrera begira gakoetako bat Internet arautzeko saioak noraino helduko diren jakitea izango da. Dagoeneko Frantziako eta Italiako parlamentuetan egin dituzte saioak. Bestela, XXI. mendeko eskaintzari begira, sei puntu aipatuko nituzke: 1. Parte-hartzea zabaldu egin beharko dute hedabideek. 2. Albiste gutxiago egin, baina hobeto landuak, firmekin. 3. Komunitatea trinkotu, irakurlearen identifikazioaren garrantzia. 4. Burua irekita izan, garai berrietara egokitu, inertziak hautsi. Adibidez, egunkarien maiztasuna aldatu. 5. Komunikatzeko, ez egin muzin euskarri informatiko berriei: telefoniari... 6. Hedabideek euren berri-emaileak trebatu: ondo idazteko, albisteak ondo antolatzeko...".
Jon Muñoa. "Azterketa baten arabera, jendearen %42k paperean irakurtzen du, %30ek Interneten. Ondorioz, ona da hau bezalako jardunaldiak egitea, baina gaurko errealitatea nolakoa den ezin da bistatik kendu. Gainera, Internet ez da oraindik agenda informatiboa markatzen duena. Dena dela, ados, hori aldatzen joango da. Hemen krisian dagoena negozio eredua da. Prisa [Espainiako] komunikazio taldeko buruak oraintsu esan du euren Internetaren errentagarritasun maila %4koa dela eta paperarena %30ekoa. Hark ere badaki paperaren errentagarritasun maila agortuta dagoela, baina ez dutena asmatzen da Interneten nola iritsi %30 horretara Interneten. Ondorioz, uste dut aurrera begira informazioaren kalitatea jaitsi egingo dela eta lan baldintzen prekarietatea handitu egingo dela".
Jose Ignacio Armentia. "Egunkariak aurki ez dira izango masa nagusi, orain arte izan diren bezala. Eliteentzako hedabide bihurtuko dira kazetak. Interneten, ordea, zer kazetaritza genero landu behar dira? Albiste laburrak eta analisirik ez. Ez da testu sakonentzako euskarria. Baina sarean albisteak azkar emateak garrantzia duenez, horrek kezka handia sortzen dit, Interneten baino akats gehiago inon ez dagoelako. Sareko iragarkiei dagokionez, ez dut kezka handirik. Izan ere, gaur egun Internen irratian eta aldizkarietan adina iragarki sartzen dira, eta laster alor horretan hirugarren euskarria izango da [telebistaren eta egunkarien atzetik]".
'Nola egokitu eskaintza XXI. mende hasierako errealitate eta beharretara?'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu