Nor bere trenean

2015eko martxoaren 6a
10:20
Entzun

Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten lau alderdi politikoengana jo du Gipuzkoako Hitza-k, martxoaren 8ko data gogoan. Alderdietan hauteskunde zerrendak osatzeko bete behar dituzten berdintasun kuoten eraginkortasunaz, EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk beharrezko eta eraginkor jotzen dituzte, nahiz eta EH Bilduk nabarmendu duen ez direla nahikoa; PP ez da beste hiruren iritzi berekoa, eta kuotak jartzearen kontra agertu da. Emakumeari begira euren egitasmoak zeintzuk diren azaltzean, gai komunak aipatzen dituzte (genero indarkeria, berdintasuna, kontziliazioa...), nahiz eta bakoitzak bere modura garatu.

1. Zein iritzi duzu hauteskundeetako zerrendetan berdintasun kuotak jartzeari buruz? Kuota horiek bermatzen al dute berdintasuna?

2. Zeintzuk dira zuen alderdiak gizon eta emakumeen berdintasunera begira planteatzen dituen politikak? Nola jasotzen dituzue horiek zuen hauteskunde programetan?

LUR ETXEBERRIA (EH Bildu)

"Beharrezko diren arren, kuotek berdintasunaren ilusioa sortzen dute"

1. "Gizon eta emakumeen arteko ezberdintasun egoera hau zuzentzen hasteko neurriak dira. Ezberdintasun egoera hau naturala balitz bezala barneratu dugu, baina egon da prozesu bat emakumeak bizitza publikotik ezabatzeko. Beraz, egoera horri buelta ematen hasteko neurri zuzentzaileak behar dira. Abiapuntua ez denez berdintasunezkoa, egoera iraultzeko ekintza positiboak behar dira. Neurri horiek hartu ezean, zaila da egoera aldatzea, eta ezberdintasuna sakondu egingo litzateke. Beraz, beharrezkoak dira, zalantzarik gabe.

Bestetik, emaitzek erakusten digute neurri batean eraginkorrak ere badirela. Kuotak ezarri diren tokietan lortu da emakumeen kopurua gizonezkoen kopurura hurbiltzea.

Dena den, ez da nahikoa. Izan ere, kuotekin lortzen da halako berdintasun ilusio bat, itxura bat, baina kopuruei dagokienez soilik. Gero ikusi behar da ea nola sartzen garen politikan, zein baldintzatan aritzen garen, zein funtzio dauzkagun eta nola banatzen den boterea. Baina horrek bestelako neurriak eskatzen ditu, eta kuotak ez dira nahikoa".

2. "Gure helburua ez da gizon eta emakumeen egoera parekatzea soilik; eredu osoa jarri behar da zalantzan, eredu berri bat eraiki. Horretan, feminismoaren ekarpena oso interesgarria da.

Eredu aldaketaren bidean, oso inportantea da pertsonen ongizatea eta pertsonen zaintza erdigunean jartzea. Kapitalismoak pertsonen ongizatea eta zaintza lanak gutxietsi egin ditu, espazio pribatura baztertu ditu eta lan estatusa ere ez die aitortzen. Hala, antolakuntzaren erdigunean merkatu kapitalista jarri beharrean ongizatea eta pertsonen zaintza jarri behar dugu.

Etxe barruan gertatzen dena erakunde publikoen ardura ere bada. Baina, orain arte, ardura hori familiaren esparrura mugatu eta pribatizatu egin da, noski, emakumeen gain utziz. Zaintza lanak kolektibizatzeko politikak garatu behar dira; horrek esan nahi du gizonek ere inplikatu behar dutela, baina baita erakunde publiko eta enpresek ere.

Erakunde publikoetatik, batez ere, zaintzarako zerbitzuak eta laguntza publikoak handitu behar dira, eta horrek esan nahi du diru laguntzak ematea eta denetariko zerbitzuak jartzea: eguneko zentroak, egoitzak, haur eskolak...

Batetik, zaintzak unibertsala izan behar duelako, pertsona guztioi bermatu behar zaigulako zainduak izateko eskubidea. Eta, bestetik, inor ez dela sentitu behar behartua beste inor zaintzera, eta kasu honetan bereziki emakumeez ari gara. Kate horiek puskatzen hasi behar dugu; pertsona bat zaintzea edo ez zaintzea, eta noiz eta nola zaindu nahi dugun eta zein baldintzatan, horrek aukera bat izan behar du pertsonentzat, eta zehazki emakumeentzat.

Eta horrek eredu aldaketa oso bat eskatzen du, baina badaude larrialdiko neurriak ere, premiazko egoera batzuk konpontzera bideratu beharrekoak. Adibidez, pertsona zaintzaileen lan baldintzak hobetzeko neurriak hartzea.

Bestalde, politika publikoak orain arte gizonen neurrira egin dira, eta gero aplikatu dira guztien interesekoak izango balira bezala. Eta gure planteamendua da edozein politika publiko edo programa egiterakoan emakumeen behar, arazo eta interesak kontuan hartzea. Ezin dira politika publikoak egin, emakumeen parte hartzerik gabe. Emakumea erdigunean jarri behar da. Eta, horretarako, erakunde publikoetatik egiten den guztia emakume elkarte eta erakunde feministekin elkarlanean egin behar da, haiek lan, proposamen eta gogoeta asko egina baitute jada.

Azkenik, ez nuke aipatu gabe utzi nahi indarkeria matxistaren arazoa. Guretzat zentrala da. Gure planteamendua da osotasunean heldu behar diogula gaiari, eta plan integralak garatu behar direla, batez ere prebentzioan indar handia egingo dutenak, eta hor, hezkuntzan, izugarrizko lana dago egiteko, harreman eredu berdinzaleak landuz. Hau oso lotuta dago hasieran aipatutako eredu aldaketarekin. Azken finean, hau ondorio bat da; indarkeria matxistaren iturburua gaur egun daukagun sistema patriarkal eta ekonomikoa baita".

OLATZ PEON ORMAZABAL (EAJ)

"Euskal emakume askoren politikarako balioa azaleratu da"

1. "Guztiz beharrezkoak. Ikustea besterik ez dago legebiltzarrean, Batzar Nagusietan zein udaletan emakume hautetsien portzentajeek izan duten gorakada. Legebiltzarraren aurreneko legealdian, 1980an, emakume legebiltzarkideak ez ziren %7ra iristen. 2005ean legebiltzarrak onartutako Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Legeak kuotak ezarri zituen, eta hurrengo legealdian, %53ra igo zen. Halaber, Batzar Nagusietan, %5 baino gutxiagotik %40 gainditzea lortu zen, eta udaletan %8tik %35era. Beraz, kuota ezarri izana eraginkorra izan da.

Euskal emakume askoren politikarako balioa azaleratu besterik ez du egin emakumeon kuota legez finkatu izanak. Gure gizartean, tamalez, gizon-emakume asko dago oraindik emakumeon prestakuntza zalantzan jarri eta pentsatzen duena legeak emakumeoi soilik emakume izateagatik irekitzen dizkigula politika aktiborako ateak: arinkeria galanta iruditzen zaigu; are gehiago, iraingarria".

2. "Gure alderdiarentzat berdintasuna XXI. mendeko erronka eta helburu erakargarriena da. Gizonek kontzientzia hartu behar dute bereziki, berdintasunerako politikak martxan jartzerakoan eragile aktibo izan daitezen.

Berdintasuna bete beharreko nazioarteko printzipio juridiko bat dela pentsatzen dugu, eta, EAEn, agindu hori Eusko Legebiltzarrak onetsitako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean arautu genuen. Lege horren I. tituluak jasotzen du gure herri administrazioetan ekintza positiboko eta genero ikuspegia txertatzeko berariazko neurriak bideratu behar direla. Gure ustez, inongo kolektibo, elkarte edo talderen jarduera ezin da zuzena izan ez bada berdintasun balioetan oinarritzen.

Gipuzkoako EAJren apustua da, Berdintasunerako Legean jasotzen den bezala, berdintasunerako eskubidea lege testuetan formalki aitortzea ez ezik, praktikan ere bermatzea".

SUSANA GARCIA CHUECA (PSE-EE)

"Oreka lortzeko, kuotak ezinbesteko mekanismo zuzentzaileak dira"

1. "Gure ustez, errealitatea arrazoia ematen ari zaio alderdi sozialistari. Izan ere, nahiz eta aurrerapausoak izan diren, alderdi sozialistaren zerrenda eta organoetan emakumeek dugun ordezkaritza ezin da alderatu beste alderdiek dituzten kopuruekin; eta ezkerreko alderdiak ere barne sartzen ditut. Eta hori datu objektiboa da, egiazta daitekeena.

Gure ordezkariak aukeratzeko garaian, gaitasuna eta konpetentzia gailentzea litzateke onena, baina oraingoz hori ez dago bermatuta; ondorioz, ezinbestekoa da neurri zuzentzaileak jartzea, politikan jarduten duten emakumeen aurkako laido historikoa orekatzea helburu hartuta".

2. "Gizarte aurrerakoi eta solidarioenak gizon eta emakumeen arteko berdintasun kuota handienak dituztenak dira. Eta hori oinarrizko printzipio bat da guretzat, hurrengo foru gobernuan emakume eta gizonen arteko berdintasunerako hitzarmen bat sustatzera eramango gaituena. Hitzarmen horretan gizarte osoak parte hartzea nahi genuke; eta gizarte erakundeez gain, lurraldeko erakunde politiko eta ekonomikoak elkartzea.

Gainerakoan, gure eskumenak kontuan hartuta, hauek dira lehentasunezko lan arloak: foru politika publikoetan genero ikuspegia txertatzea; emakumeek lan munduan parte hartzeko ekinbideak gauzatzea, emakumea enpresari gisa sustatzea eta lan baldintzen berdintasuna lortzeko borrokatzea; politika, ekonomia eta gizarte arloko erabaki esparruetan parte hartzea; emakumeen bizi-kalitatea hobetzea; berdintasunezko balio eta jokabideen transmisioa; bizitza publiko eta pribatuaren kontziliazioa erraztea; eta, azkenik, genero indarkeriaren kontrako borroka eraginkorragoa lortzea. Azken atal horretan bi puntu nabarmenduko nituzke: batetik, Genero Indarkeriaren Biktimak Artatzeko Bulegoa sortzea, eta, bestetik, Genero Indarkeriaren Biktimak Artatzeko Plan Integrala martxan jartzea, haien menpeko adingabeengan arreta berezia jarriz".

MARIA ASUNCION GUERRA (PP)

"Genero indarkeria da benetako berdintasuna eragozten duena"

1. "Kuotak ez dira beharrezko, baina bai emakumeen presentzia bizitzaren arlo eta une guztietan, eta ez bakarrik hauteskunde kanpainan edo alderdi politikoetan. Emakumeak ez du kuoten beharrik, bere merituz lor baititzake gizon batek adinako helburu eta arrakastak, partiketa batean egokitzeko beharrik gabe.

Eta hori esaten dugu, kontuan hartuta erabaki guneetan emakumeak edukitzeagatik nabarmentzen den alderdi bat garela. Izan ere, emakumeak ez dira kargu horietara iritsi gutxieneko kuota bat jarri zaielako, kargu horietan jarduteko gizonek baino gaitasun handiagoa zutelako baizik.

Guretzat beharrezkoak direnak emakumea eta familiaren kontziliazioa babesteko neurri sozial eta ekonomikoak dira. Emakumeak ez hautatu behar izatea ama izatearen eta bere karrera profesionala jarraitzearen artean, edo ez dezala soldata txikiagoa jaso gizonak egiten duen lan bera egiten duenean. Ildo horretan, gizonaren kontziliazioa sustatzea giltzarria litzateke, aldi berean emakumearen kontziliazioa bultzatuko litzatekeelako. Horrek ahalbidetzen du emakumearen parte hartzea, ez bakarrik politikagintzan, baita parte hartu nahi duen edozein arlotan ere".

2. "Genero indarkeriaren arazoan eragin nahiko genuke, nagusiki, hori baita gure garaiko gaitz nagusietako bat, benetako berdintasuna eragozten duena. Politika sozialetik, tratu txarren biktima diren emakumeen eta haien umeen esku bitarteko guztiak jartzea ezinbestekoa da, egoera horri aurre egin diezaioten. Artatzerako baliabideak handitzeaz ari gara, egoera bakoitzaren jarraipena egiteaz eta arriskuaren gaineko ebaluazio etengabea egiteaz.

Gainera, lehentasunezkoa da emakume horiei lan mundurako sarrera erraztea, tratu txarren gurpiletik ihes egin dezaten; eta, horretarako, trebakuntza programak eta enpresentzako pizgarriak eskaini behar dira.

Eta, nola ez, genero indarkeriaren kontrako programak eta sentsibilizazio kanpainak sustatu behar dira. Hezkuntza eta kontzientziazioa ezinbestekoak dira, gai honetan prebentzioa egiteko neurri gisa.

Bestalde, gure garaiko beste erronka handia kontziliazioa dela uste dugu. Berebizikoa da emakumea enpresa munduan sartzea, eta, alde horretatik, neurri egokia iruditzen zaigu enpresei pizgarri fiskalak ematea, emakumeak ez daitezen egon familiaren eta garapen profesionalaren artean hautatzera behartuta, bi arloak batera ditzaten, batak bestea irentsi gabe. Argi eta garbi dago: lan munduan berdintasuna ez da posible izango gizonek eta emakumeek lana eta familia uztartzerik ez baldin badute, eta lan berarengatik soldata bera jasotzen ez badute".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.