Obama, arraza berrikoa

2008ko azaroaren 5a
06:28
Entzun
“Ez daude zurien Estatu Batuak eta beltzen Estatu Batuak. Ameriketako Estatu Batuak daude”. Hori esan, eta Barack Hussein Obama -eta ez Martin Luther King- berriro jaio zen. Munduaren begietara, bederen.

“Nor arraio da hori?”. Minutu batzuk lehenago, harriduraz begiratu zioten Bostongo (Massachussets) Fleet Centerren bildutako demokratek, oholtza gainera igotzen ikusi zutenean. 2004ko uztailaren 29a zen, eta alderdi hori Konbentzio Nazionala ari zen egiten, presidentegaia aukeratzeko. John Kerry hautagaiak gonbidatu bazuen ere, beste inork ez zuen ezagutu mikrofonoari heltzera zihoana. Estatu bateko senatari demokrata arrain txikia da, izan ere, alderdiko ur handitan. Hain ezereza, non bere poltsikotik ordaindu behar izan zuen Obamak Chicagotik Bostonerako hegazkin txartela. ATA Airlines. 285 dolar.

Bostonen elkartutako demokratek, gainera, ezin izan zituzten entzun hark bezperan esandakoak. AEBetako Senaturako bozetako kanpaina zela medio, hautagai gisa aritu zen Obama telebistan. Baina tokiko katea izanik, haren estatukideek ikusi ahal izan zuten soilik. Konbentzio Nazionalera joandakoek ezin aurreikus zezaketen, beraz, entzutear zeudena: azken 50 urtean demokraten bilkuran egindako hitzaldirik onena. Biziena. Inspiratzaileena. Halaxe jaso zuten egunkari guztiek biharamunean. “Etorkizun handiko politikari” gisa definitu zuten Obama. Azaroan eserleku bat eskuratu zuen Senatuan.

Bat-bateko ospe horri helduta, esperientzia falta leporatu izan diote aurkariek Obamari; bai alderdi barruko bozetan harekin lehiatu zen Hillary Clintonek, bai presidentetzarako errepublikanoen hautagai John McCainek. Baina Obama ez da atzo jaiotakoa.

Mundura duela 47 urte heldu zen, 1961eko abuztuaren 4an, Hawaiiko Honolulun. Politikari gisa, ordea, Chicagon jaio zen, 1985ean. Komunitateen antolakuntzan jarduteko kontratatu berri zuen Gerald Kellman gizarte langileak, lan elkarrizketa ezin laburrago baten ostean:

—Zerk haserrarazten zaitu munduan gehien?

—Injustiziak.

Erantzun perfektua. Kellmani ez zion zalantza izpirik utzi.

Enpresak aldez aurretik erretiroa emandako emakume talde bati zeregina topatzea izan zuen lehenetariko lana. Garai hartan, gainera, Harvardeko unibertsitatean Zuzenbidea ikasteari ekin zion-aurretik Politika Zientziak ikasi zituen, Columbian-. Harvard Law Review aldizkariko zuzendari izan zen, kargu hori bete zuen lehen afrikar amerikarra. Magna cum laude-rekin amaitu zituen ikasketak, eta berehala Project Vote erakundearentzat hasi zen lanean, Chicagon bertan.

Ekimen horrek 1992ko hauteskundeetarako ahalik eta boto emaile berri gehien biltzea zuen helburu. Obamak eta haren taldeak 150.000 hauteslek izen eman zezaten lortu zuten.

Garai hartan deskubrituko zuen, akaso, boto bilketarako bokazioa. Berarentzat ere pilatzen hasi zen, izan ere, handik gutxira: 1996an Illinoisko senaturako primarioetara aurkeztu zen. Eta garai hartakoa da Obamaren curriculumeko puntu beltz bakarra; hedabideetara iragazi den bakarra, behinik behin.

Senatari kargurako lehian ziren beste politikari demokraten kontrako kexa formalak aurkeztu zituen. Egunkari guztiek, The New York Times demokratazaletik hasita Chicago Tribune kontserbadoreraino, legerik gabeko hiriari dagokion moduan, Obama legerik ez balego bezala aritu zela salatu zuten egun haietan. Estrategia nahiz amarru, senatari kargurako hautagai bakarra izan zen demokraten primarioetan. Eta Illinoisko senatuko kidea ere bai, automatikoki.

Estatuko senatari lanetan aritu zen zortzi urte haietan taxutu zuen egun presidentegai gisa saldu duen programa politikoa. Osasunaren erreforma, krimenaren kontrako borroka eta ingurumenari loturiko neurriak Illinoisko politikarien agendako gai egin zituen Obama senatariak. Bikoterik gabeko amentzat diru laguntzak lortu zituen, eta zergak ordaindu ahal ezin zituztenentzat, beherapenak. Baina Illinoisko afrikar amerikarrak estigmatizatzen zituzten jokabideen kontrako hainbat neurri bultzatu zituen, bereziki. Chicagoko polizien atxiloketen atzean arrazakeria dagoen ikertzeko talde bat osa zezaten lortu zuen, esaterako.

Azal beltzekoak zituen orduan estandarte. Orain, berriz, estatubatuar oro. “Arraza eta eskualde, sinesmen edo soldata, guztiaren gainetik, we are one people”. Hala aurkeztu zuen bere burua Obamak presidentetzarako, pasa den otsailean. Arrazaz gaindiko hautagai moduan. Izan ere, Obama ez da beltz-beltza. Are gutxiago zuria. Gurasoen herentzia dela medio, mestizoa da. Baina arraza berri batekoa ere bada. Boto emaileek ikusi nahi duten arrazakoa; George Bush martetarra bada, Venuskoa da Obama. Hala saldu dute kanpainan, halako hautagai batek boto emaile espektro zabalagoa beregana dezakeela jakinda. Izan ere, guztientzat balio du: euren azal koloreko hautagaiak nahiago dituzten afrikar amerikarrentzat, sustraiak ahantzi ez dituzten hispaniarrentzat, baita erabat beltza ez den ustean bozkatuko dutenentzat ere.

“Bedeinkatuta nago”, esan zien AEBetako Senaturako kargua eskuratu berritan, hilabete batzuk lehenago galderazko aurpegiarekin begiratu zioten demokratei. Primarioetara joan ziren ordezkari berberak Washingtonen zeuden bilduta, afaritarako. “Konbentzioan hitzaldi nabarmenena. Newsweek aldizkariko azala. Best-seller-en zerrendan da nire azken liburua. Zer gehiago dago egiteko?”, galdetu zien Obamak, umorez. “Beno, akaso lege bat berretsi-edo egin dezaket”. Presidente izan, gehitu du gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.